Diru partida adostuta, beharra handiagoa

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 28a, 09:00

Iaz, abenduan, Eskoriatzako ostalariek laguntza eraginkorragoak eskatu zituzteneko elkarretaratzea

Tokiko jarduera ekonomia suspertzeko izenarekin partida bat ezarri dute udalbatzako kideek, herriko negozioei laguntzeko. Aldaketa horrekin, bakoitzak 1.200 euro jasoko ditu gastu finkoei aurre egiteko, eta beste 600 euroko osagarria terrazak hornitzeko.

Iaz, sustapen ekonomiko eta sozialen barruan, diru partida bat ezarri zen, –30.000 eurokoa– Enpleguaren babesa COVID-19ak eragindako sektoreetan indargabetzea izenekoa. Partida horretako diru guztia ez zen banatu, autonomoen kuotak ordaintzen laguntzeko zelako hasiera batean, eta kuota horiek barkatu egin zirelako. Orain, poltsa horretan geratu den diru kopuru horri izena aldatu diote, eta, Tokiko jarduera ekonomikoa suspertzea izenpean, onartuta geratu da, EAJren eta Elizateen baiezko botoekin eta Bilduren abstentzioarekin.

Dirua banatu egin behar da

"Diru hori osotasunean ez bada, zati handi batean banatu egin beharko litzateke beharra dutenen artean, eta azken boladan ez gara halakorik ikusten ari. Azpimarratu nahi dugu laguntza horiek ez ematea dela-eta premiazkoa ikusten dugula hausnarketa egitea", adierazi zuen Eluska Irazuk, EH Bilduko bozeramaileak, martitzeneko ohiko osoko bilkuran.

1.200 euro gastu finkoei aurre egiteko, eta beste 600 euro terrazak hornitzeko

Gastu finkoetara bideratuta

Horren harira, EAJko bozeramaile Josu Ezkurdiak hau esan zuen: "Lanpostuak bermatzea zen hasieran planteatutako partidaren helburua. Diru guztia ez zen aprobetxatu, errealitateko baldintzak aldatu egin zirelako. Hori horrela, hainbat enpresa eta tabernak ezin izan zuten dirua erabili. Haiekin elkartu gara eta dirulaguntza bat diseinatu dugu, erabilgarriagoa izateko. Haien beharrak entzunda, zuzenean lanpostuak lagundu beharrean, euren kostu finkoetan laguntzea adostu dugu. Horretarako, 1.200 euroko laguntza planteatzen da negozio bakoitzarentzat, eta beste 600 euroko osagarria terrazak hornitzen laguntzeko".

Gastu finkoetara eta terrazak hornitzera bideratutako partida, onartuta

Ostalarien zapore gazi-gozoa

"Adostutakoa bada ere, aurretik ateratako partidan sobratu zen dirua da, ez da handitu laguntza. Gastu finkoari aurre egiteko zatiari eman diogu garrantzia ostalariok, terrazak hornitzeko laguntza dela-eta zenbaitek ez dutelako terrazarik, edo probisionala dute; beraz, inbertsio bat egiteko prest gutxi daude. Zenbait baldintza bete behar ditugu laguntza hauek jasotzeko, eta jakitun gara ez garela kaltetu bakarrak, baina ez da nahikoa. Horrekin batera, bonuak ere badaude. Iritzi kontrajarriak daude ostalarien artean: zenbaitek uste dute herritarrei laguntzen diela, eta ez ostalariei", adierazi du Usune Bengoak, Ostalarien Taldeko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak