300.000 euroko kreditu aldaketa proiektu berrietarako

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 28a, 17:07

Luis Ezeiza Herri Eskolako patioa konpontzeko bideratuko da diru partida bat.

Martitzeneko osoko bilkuran, batez ere, kreditu aldaketak izan zituzten berbagai. Diru kantitate batzuen aldaketak zertara bideratuko dituzten adierazi zuten udalbatzako kideek, proiektuak zeintzuk diren esanez. Honen baitan, EAJk eta EEEak baiezko botoa eman zuten, eta EH Bildu berriz abstenitu egin zen.

Kreditu aldaketei dagokienez, eskola-kirolari 1.386 euroko dirulaguntza bideratzea onartu zuten, batetik, behar bereziko gazteei ikastaroak emateko, eta egoitzari ur zerbitzuan duen kostuan laguntzeko 3.000 euroko laguntza, bestetik.

Martxan jarri gura diren proiektuak

Gero, 300.000 euroko kreditu aldaketa planteatu zuten, zenbait proiektu bideratzeko: kirol instalazioetara –igerilekuko desumidifikazio sistema berritzeko–, hiri altzarietara –kaleko bankuak, hesiak…–, Luis Ezeiza Herri Eskolako patioa konpontzera… bideratuko dena. Gainera, hiru proiektu nagusi ere aipatu zituzten: Intxaurtxuetako plazatik gorako eskaileretan arrapala jartzea, Dorletako haur parkea berritzea eta udaletxeko sarrera eta lehenengo solairua berritzea. EAJk eta EEEk baiezko botoa eman zuten eta EHBildu abstenitu egin zen.

Oposizioaren abstentzioa arrazoituz

Oposizioko kideek adierazi zuten ia proiektu guztiekin ados daudela, baina, ez direla eroso sentitzen prozedurarekin: "Ekainean eskatu zen hainbat murrizketa egitea. Hainbat talderi beraien aurrekontuak murriztea eskatu zitzaien, eta hori izan zen mezua abendura arte. Abenduan, ostalarien aldetik, jakin genuen dirua berandu heltzen ari zela, eta hor ere, doiketa batzuk egin behar zirela aurrekontuetarako. Gure irakurketa orokorra da, Ogasun Batzordean, iazko aurrekontuen likidazioa egin denean, gure sorpresarako, Udalak 757.000 euroko irabaziak izan zituela. Irakurketa hori kosta egiten zaigu, eta horren aurrean, ez gara eroso sentitzen. Ulertzen dugu diru horrekin orain partida berri bat sortzen dela, aurrekontuak egitea ere kosta zitzaigun, mugimendu asko zeudelako, konplexuak… Baina orain, partida txikiak barik, diru kantitate handiena ari gara hitz egiten, 297.000 euroko partida aldaketa dagoela ikusita, egoera horretan, deskolokatu egiten gara, gehikuntza nabarmen honekin", adierazi zuen EH Bilduko Nestor Arana bozeramaileak. 

Josu Ezkurdiak, honen aurrean, honakoa adierazi zuen, Aranari erantzunez: "Iazko emaitzak onak izan dira udaletxerako. Hala ere, diru kantitate hori ez da eskuan duguna. Guretzat ez da sorpresa izan, iaz, egindako lan onaren ondorioa da. Murrizketa txikiak aipatu dituzu, baina, iazko aurrekontuetatik inbertsioetarako genituen 400.000 euroak ez genituen erabili. Beraz, horretan, murrizketa txikiek lagundu dute, eta, iaz egin nahi genituenak egingo ditugu aurten. Horrekin batera, mantenu eta herritarren zerbitzuetan ere murrizketak egin genituen, eta hor ere aurreztu genuen. Hori esanda, planteatzen dugun kreditu aldaketa handia da, baina, aipatutako proiektu gehienak, dirulaguntzekin egitea aurreikusten dugu. Proiektu guztiek 200.000 euroko kostua badute, esaterako, 80-90 mila euro, dirulaguntzetatik jasotzea espero dugu. Zergatik egiten dugu hau orain, martxoan jakin izan dugulako ofizialki eta legalki zein emaitza izan genituen pasa den urtean. Hori jakin arte, ezin genituen halako planteamentuak egin. Hala ere, esan dituzunetatik bi mezurekin geratzen naiz. Batetik, eskerrik asko zuen babes neutroagatik, abstentzioagatik, eta, bestetik, eskerrik asko hainbat proiektu babesteko prest zaudetelako".

Otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa

Horrekin batera, ENBA eta EHNE sindikatuek eskatutako mozioa ere izan zuten hizpide. Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa aurrera atera zen  Elizateen eta EAJk eta EH Bildu abstenitu egin zen. Abstentzioa, honela argudiatu zuen Eluska Irazu EH Bilduko bozeramaileak: "Gai hau udal mailan eztabaidatu beharrean, adituen artean mahai bat osatu, eta horiek bildu, eta konponbidea bilatzea litzake egokiena. Horrekin batera, kontuan izan behar da otsoa ere hor dagoela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak