Haizea Arana, 'señora' bat Aramaioko saioan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 24a, 09:07

Haizea Arana eskoriatzarra Aramaioko saioan bertsotan.

Belaunaldien arteko emakume bertsolariak saretzea eta ahalduntzea helburu duen Señora sariketako finalerako txartela eskuratu zuen zapatuan Eskoriatzakoak; gaur, zapatua, Mutrikun jokatuko duten kanporaketan Debagoieneko hiru bertsolari lehiatuko dira.

Hainbat emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute Bertsozale Elkarteak babesten duen Señora sariketa. "Bertsolaritza eremu maskulinoa bada, sariketen mundua ere ez da atzean geratzen, eta Señorak asmatu egin du, lehia geureganatzea garrantzitsua baita lehiari ikuspegi ezberdin batetik begiratu nahi badiogu. Halako dinamikak behar-beharrezkoak iruditzen zaizkit. Bertsolaritza oso eremu maskulinoa delako ezinbestekoa da guretzako eremuak sortzea, seguru sentituko garen eta gustura egongo garen eremuak, hain justu", azaldu du Aramaion zapatuan jokatu zuten kanporaketako irabazletako bat izan zen Haizea Aranak.

HAIZEA ARANA (BERTSOLARIA): "SEÑORA MODUKO DINAMIKAK BEHAR-BEHARREZKOAK DIRA"

Arana eta Artetxe, finalean

Hamalau bertsolarik hartuko dute parte sariketan –Debagoieneko bost lagun daude–. Lesakan izango da finala, maiatzaren 8an, baina aurretik bi kanporaketa jokatuta. Aramaioko kultura etxean jokatutako saioan, Eskoriatzako bertsolariak eta Miren Artetxek lortu zuten finalerako txartela. "Ilusio handiarekin joan nintzen saiora, eta nire sentsazioa ez zen aldatu. Kantu-kideek eta antolakuntzako kideek asko zaindu ninduten, eta horrek saioaren dinamikan asko lagundu zuela uste dut. Oso gustura aritu nintzen bertsotan, nire estiloan, eta lotsarik gabe. Entzuleekin konektatu egin nuela esango nuke eta ez dago hori baino sentsazio hoberik", dio Aranak.

Umoretik jotzea da sariketaren asmoa, eta hala berretsi zuten Ainhoa Urienek proposatutako gaiek. "Bikainak iruditu zitzaizkidan, uste dut lan handia egin zuela Urienek. Señora kontzeptua barnebiltzen zuten gai askok eta horrek grazia egin zidan. Oso gustura egon nintzen saioan, orokorrean. Ni neu gustura nago egin nuen saioarekin, garai hauetan horrelako plaza bat izatea luxu handia da".

Gaurko saioa, Mutrikun

Mutrikuko Kalbarioko ermitan jokatuko dute bigarren kanporaketa, bihar, 17:00etan –sarrerak agortuta daude–. Debagoieneko hiru ordezkari izango dira: Oihana Arana, Ainhoa Agirreazaldegi eta Paula Amilburu, eta horiekin batera Aissa Intxausti, Oihana Bartra eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan, Maite Berriozabalek proposatutako gaiekin.

Bihar kantatuko duten sei bertsolariek saio ederra eskainiko dutela aurreikusten du Haizea Aranak: "Ea publikoa Aramaion bezain eskuzabala izaten den. Gomendioak ematea ez da nire gaitasunik handiena, baina gozatzera joateko esango nieke hiru debagoiendarrei, Señora oso eremu segurua baita. Hirurak dira señora-k, eta badakit ondo ibiliko direla; Oihanarekin eta Paularekin egon naiz, eta Ainhoarekin ez dut zalantzarik egiten. Ea nik izan nuen zortea duten eta oholtzaren gainean gustura aritzen diren, uste dut ez dagoela hori baino garrantzitsuagorik".

HAIZEA ARANA: "EZ DAGO ENTZULEEKIN KONEKTATZEA BAINO SENTSAZIO HOBERIK"

Finalerako sarrerak, agortuta

Saio bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira finalerako, eta, lau horiez gain, aurreratu dutenez, "señora izateagatik" dagoeneko sailkatuta dauden beste bi bertsolari ariko dira, baina ez dituzte izenak jakinaraziko finalerako eguna iritsi arte. Sarrerak agortuta daude.  

Maider Arregi (Antolatzailea): "Irribarre batekin atera ginen saiotik"

Oñatiko bertsolaria da Señora sariketa antolatzen ari den kideetako bat.

Zapatuan abiatu zen. Emaitzarekin pozik?

Oso pozik! Irribarre batekin atera ginen guztiok saiotik. Lehia moduan planteatu genuenez, beldurra genuen ea saio serio bilakatuko zen, baina umorezko saio polita eta ona izan zen.

Emakume bertsolariak ahalduntzea da asmoa. Lehenengoan helburua betetzat jotzen duzue?

Baietz esango nuke; saio bakar batek ahalbidetzen duen neurrian, behintzat, bai. Giro polita egon zen bertsolarion artean, bai saioan eta baita ondoren egoteko aukera izan genuen tarte laburrean ere. Elkartzen garen aukera guztietan lortzen dira helburu horiek: saretzea, ahalduntzea eta kolektiboa indartzen jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak