Herriko ikastetxeetako haurrak, Ibarraundiko teknikariak bidelagun dituztela, Eskola Agenda 2030 ari dira lantzen. Egitasmo honen xedea Garapen Iraunkorreko helburuak ikasleekin lantzea da, beraiei protagonismoa emanez. Bertan, helburu ekologikoak –plastikoa, zaborra, erreka garbiketa, mugikortasun astea, zuhaitz landaketak…– lantzen jarraituko dute, baina arlo soziala uztartuz, Garapen Iraunkorreko Helburuekin egingo den loturaren bitartez.
Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako garapen jasangarriaren hamazazpi helburuetatik, hiri eta komunitate jasangarriak ari dira aztertzen Eskoriatzako haurrak. Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzeko helburuarekin. Zenbait helmuga planteatu dituzte lan honetarako, pertsonentzat eta planetarentzat garrantzi kritikoa duten bost aspektu bilduz: pertsonala, planeta, bakea, ongizatea eta lankidetza.
Herriko aspektuak aztertzen
Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako haurrak honako lanketa hau egiten ari dira: "Lehen zikloko bigarren mailako ikasleak herriko espazio publiko irekiak aztertzen ari dira, egokitasuna, erosotasuna eta aniztasuna kontuan izanda. Bigarren zikloko laugarren mailako ikasleak, aldiz, mugikortasuna aztertzen ari dira, ingurumenarekin eta osasunarekin lotuta. Azkenik, hirugarren zikloko seigarren mailako ikasleak elikadura ari dira aztertzen, osasuna eta eros ahalmenarekin lotuta", adierazi du Arrate Landak, Ibarraundi museoko langileak.
ESPAZIO PUBLIKOAK, MUGIKORTASUNA ETA ELIKADURA AZTERTZEN ARI DIRA ESKORIATZAN
17 helburu, 17 hegazti
Agenda 2030ek batzen dituen helburuei beste aspektu batzuk gaineratu die SEO BirdLife gobernuz kanpoko erakundeak: garapen jasangarriaren hamazazpi helburuetako bakoitza hegazti batekin lotu dute. Hala, Eskoriatzako haurrak hamazazpi helburu horietatik hamaikagarren puntua lantzen ari direnez –hiri eta komunitate jasangarriak–, elizatxoria egokitu zaie, eta lanketa hau ere ezarri nahi dute Agenda 2030 egitasmoan. Honako gogoeta hau egiten du SEO BirdLifek: "Elizatxoria edozein bizilekutara moldatzen da, baina bere jana gizakiarengandik ateratzen du, bizirauteko bere beharra sentituz. Hegazti honen kopurua asko jaisten ari da hiri askotan, eta tendentzia negatibo horrek hiriak ingurune seguru eta jasangarri izatetik urrun daudela islatzen du".
