Auzitegi Nazionalak 61 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 17a, 17:33

Maixol Iparragirre joan den astean Audientzia Nazionaleko epaiketan.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 61 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirre Eskoriatzako presoari, 1994ko eta 1995eko bi atentatu agindu izana leporatuta.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 61 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirre preso eskoriatzarrari, bi ekintzatan parte hartzea egotzita: bata, 1995eko urtarrilean Bilbon NAN bulegoen sarrera zaintzen ari ziren polizien aurkako atentatua, agente bat hil eta beste bat larri zauritzea, eta bestea, 1994an Getxoko banketxe baten aurka egindakoa. Bi kasuetan, atentatuak agindu izana eta egileei armak helarazi izana leporatu diote.

Joan den astean izan zituen Marixol Iparragirrek Auzitegi Nazionalak ezarri berri dituen sententzia hauen epaiketak. Aurretik baina, iazko uztailean, Auzitegi Nazionalak 122 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Marixol Iparragirreri, Luciano Cortizo Lurreko Armadako komandantearen hilketarako "agindua ematea" eta "lehergailuak hornitzea" egotzita. Cortizo komandantea 1995eko abenduaren 22an hil zen, Leonen, bere ibilgailuaren eserlekuaren azpian itsatsitako bonba lapa bat lehertuta.

Urtarrilean, berriz, absolbitu egin zuten 1997ko Oviedoko komisariaren aurkako atentatuagatik. Fiskaltzak 71 urte eskatzen zizkion, atentatu hori aginduta bost delituren erantzule gisa, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak esan zuen ez dagoela nahikoa frogarik 1997ko atentatuarekin lotzeko. Kausa horregatik zigorra bete zuen Frantzian.

Epaiketa gehiago

Frantziako kartzeletan hogei urteko zigorra bete zuen Iparragirrek. 2019an Espainiaratu zuten, eta, Auzitegi Nazionalean zabalik dituen hamabi epaiketetako biren sententziak izan dira azken hauek. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak