Torturatuak aintzat hartu ditu Marixol Iparragirrek

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 10a, 17:58

Martitzenean, Fernando Eskoriatza plazan egindako elkarretaratzean batu zirenak.

Audientzia Nazionalean aste honetan hasi dituzten Marixol Iparragirreren epaiketa berrien aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo, Konponbidea Orain, Marixol askatu! lelopean Fernando Eskoriatza Plazan. Gaur, berriz, batzeko deia egin dute, 19:00etan.

Marixol Iparragirreren aurkako bosgarren eta seigarren epaiketen baitan, elkarretaratzea izan zen martitzenean, Fernando Eskoriatza plazan, Konponbidea Orain, Marixol askatu! lelopean. Ez, soilik, epaiketen harira, Iparragirre sufritzen ari den isolamendu egoera ere nabarmendu gura izan dute antolatzaileek. Hori horrela, gaur ere batzeko deia egin dute –19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan–.

Auzitegi Nazionala martitzenean hasi zen epaitzen Iparragirre, 1985eko ekainean, Estanislao Galindez Amurrioko postariaren hilketan parte hartu zuelakoan. Gaur, berriz, 1994an, Bilboko NAN bulegoan izandako atentatuan Polizia Nazional bat hiltzea eta beste bat larri zaurituta uztea egotzi diote. Amurrioko postariaren hilketaren auzian, Ministeritza Publikoak 39 urteko kartzela zigorra eskatu du, eta 60 urtekoa Bilboko NANaren bulegoen aurkako atentatuan.

Maixol Iparragirre preso eskoriatzarra Audientzia Nazionalean, gaurko epaiketan.

Torturatuak gogoratuz

Gaurko Audientzia Nazionalaren epaiketan, torturen inguruko isiltasuna salatu zuen Iparragirrek, biktima guztien aitortza prozesu bat eskatuz. "Beharrezkoa da prozesu bat irekitzea, mundu guztiak askatasunez hitz egin dezan eta biktima guztiak aintzat hartu behar ditugu, gatazka errepika ez dadin". Honen aurrean, Manuela Fernandez Prado epaileak hitza eten dio halako eztabaidetan sartzeko unea ez zela egokia esanez. Horrekin batera, honakoa ere adierazi du Iparragirrek: "2019an amaitu nuen nire kondena, baina oraindik epaitzen naute, eta ehun urtetik gorako zigor bat dut dagoeneko, kondena berri bat hasi dut".

Egoeraz kezkatuta

Marixol Iparragirreren egoeragatik kezkatuta agertu dira euskal presoen giza eskubideen aldeko zenbait eragile, eta sufritzen ari den isolamendua jendartearen artean zabaltzea da atzoko elkarretaratzea egitearen arrazoia, besteak beste. Hori horrela gaur ere izango da elkarretaratzea, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak