Kulturari balioa eman eta landa eremu bizia aldarrikatzeko

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 15a, 15:26

'Bideak' dokumentaleko fotograma bat. Argazkia: 'Bideak'

Bideak izeneko dokumentala proiektatuko dute hilaren 21ean, Zaldibar antzokian, 19:00etan.

Artzaintza ardatz hartuta, ibilbide horretan zehar hamaika ahots eta lekukotza jasotzen dira Bideak izeneko dokumentalean, eta guztiek helburu bera dute: landa eremuari eta kulturari balioa ematea eta landa eremu bizia aldarrikatzea, hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikita. Artzain baten hasierako ideia xume batetik sortutako proiektuaren fruitua da dokumental hori, eta protagonistetako bat Aritz Ganboa da, ETBko Biba zuek programan ezagun egin dena, Arruazun duen Albi etxaldetik egiten dituen zuzenekoengatik.

Proiekzioaren ostean, solasaldia

Proiekzioa martxoaren 21ean izango da, Zaldibar antzokian, hizkuntza originalean, azpitituluekin, eta sarrera hiru eurotan erosi daiteke. Gainera, dokumentalaren ondoren solasaldia egiteko, Xabier Unanua Bideak dokumentalaren zuzendaria eta Aritz Ganboa lan horretako protagonista izango dira.

Puntua aldizkariko 'Bat-batean' atala

Aritz Ganboari elkarrizketa:

TXOMIN MADINA. ARGAZKIA A.G.

Aitaren eta amaren sorterriak –Arruazu eta Izaba– korrika eginez eta egun bakarrean batu zituen artzain nafarrak 2019an. Bideak dokumentala da egindakoaren fruitua.

Ideia izan, forma eman, grabatu, dena orraztu... Zenbat denbora egun bakarraren bueltan?

Ideiarekin 2018an hasi ginen, eta, erronka 2019an amaitu bagenuen ere, geroko lanekin 2020an amaitu genuen; ia hiru urte. Helburu ezberdinak ditu dokumentalak, baina elkar topo egiten dutenak. Lehenik eta behin, omenaldia egin nahi nien nire arbasoei eta haiek utzitako ondare guztiari: ondare naturala, kulturala, materiala eta ez-materiala, soziala... Bigarren helburua zen landa eremu eta kultura bizi bat aldarrikatzea, horretarako landa gizartea bizirik mantenduz. Bi helburu horiekin bide ezberdinak landu ditugu, jende ezberdinaren ahotan.

Nola gogoratzen duzu bi herriak lasterka batu zenituen eguna bera?

Batetik, ilusio handiarekin: oso polita izan zen, bidean eremu ezberdineko lagun eta herritar asko batu zirelako. Goizeko zortzietan irten nintzen, Arruazutik, eta hurrengo eguneko 11:00etan heldu Izabara. Gogorra ere izan zen, sekula ere ez nuelako egin horrelako ibilbide luzea lasterka; sufrimendua ere egon zen.

Nork ikusi beharko luke dokumentala?

Edonork. Bi munduen arteko zubiak eraikitze aldera, gustatuko litzaidake landa eremuan bizi direnek ikustea, baita hiri eremuan eta kulturan bizi den jendeak ere. Genero, jatorri edo gaitasun aldetik transbertsala izatea nahiko nuke: ahalik eta jende gehienak ikustea, horretarako egina dago eta.

Artzaintzan aritu daiteke lanbide, ogibide, soil baten moduan ala zerbait gehiago behar da?

Beste ofizio askok bezala, bokaziotik ere izan behar du artzaintzak: seguruenik, oso gogorrak izango diren lanak egin beharko dituzu, oso lotuak, eta, diru sarreratik harago, beste zerbait eskaini behar dizu. Baina egia da beste edozein ofiziok eskaintzen dituen baldintzak ere eskaini behar dituela. Esaten da artzaintza ez dela ogibide bat bakarrik, bizimodu bat ere badela; baina, hori horrela izanda ere, beste gauza askorekin partekatu beharko litzateke.

Ze ordutan jotzen du zure iratzargailuak?

Ez bereziki goiz, 07:30ean. Egun osoko ogibidea da: goiz hasten bazara, goiz bukatuko duzu, eta, gure kasuan bezala, berandu hasten bazara, berandu.

Zer esan nahi du hiriak zuretzat?

Euskal Herrian, hiria nahiko herri da, eta herria nahiko hiri bihurtu dugu; ez dut bien arteko marra oso ondo ulertzen. Beste gauza bat da hiri kultura, kultura urbanoa. Niretzat hiria bizitoki arrotza da, baina egoteko leku interesgarria. Gertatzen dena da Euskal Herrian, esandako moduan, bien arteko marra ez dela hain garbia; bi kulturek bat egin baino gehiago, hiri kultura landa kulturari gailentzen zaio, kolonizatu egiten du. Hori ez zait gustatzen.

Bertakoa eta sasoikoa kontsumitzearen aldeko aldarriak gero eta gehiago dira. Baina gero, koherentziaz jokatzen dugu?

Gizarte moduan, badakigu sasoikoa kontsumitzea hobea dela; gutxi izango dira horren kontra argudioekin egingo dutenak. Baina menpekotasun sistema batean bizi gara, eta horrek modu akritikoan kontsumitzera bultzatzen gaitu, hipokrisia maila bat edukitzera. Gero eta gehiago ari da kontzientzia hori ekintza bidez egikaritzen, baina kontsumoa ez da sistema aldatzeko modua. Zerbait gehiago behar da, gizartearekin, politikarekin, ekonomiarekin zerikusia duena. Zaila da bereiztea zer den bertakoa, sasoikoa, ekoizpen jasangarriarekin lortutakoa... Tranpa asko daude inguruan eta horiek harago iristea kosta egiten zaigu.

Dokumentala, telebistako agerraldiak... Kamerek ez dizute beldur handirik ematen, antza!

Sorpresa izan da, aurrez ez nintzelako inoiz ere kamera aurrean jarri eta ikusi dudalako ez diodala beldurrik: nik neure burua ez dut ikusten, baina gainontzekoek bai. Ikus-entzunezkoak tresna garrantzitsua dira mezuak zabaltzeko, eta aukerak zabaltzen direnean arduraz jokatu behar da, umiltasunez, aukera horiek aprobetxatzeko.

Egin zaitez bazkide

Puntua aldizkaria egubakoitzero etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Bazkidetza kuota: 57 euro. Deitu: 943 25 05 05 telefono zenbakira edo idatzi kluba@goiena.eus helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak