Zer moduz doa urtea?
Ba, arraro; imajinatzen dut gainontzekoendako moduan. Dagoeneko urtebete pasa dugu pandemia egoeran eta oraindik gogoan dut iaz mailari eusteko borrokan genbiltzala zelan geratu ginen gehiago jokatu barik. Kategoriak bere horretan utzi zituzten, inor ez zen mailaz jaitsi, eta ekainerako entrenatzen ginen ostera ere. Baina saskibaloiaren hutsunea igarri egin nuen, bai.
Gainera, saskibaloia pasioz bizitzearekin batera kirol jarduera egitea lagungarri da sasoi onean mantentzeko. Eta aulki gurpildunean ibilita, hori ezinbesteko izango da.
Bai, baina hori entrenatzaileak bidalitako ariketekin konpondu genuen. Egia da Zuzenak Fundazioak baduela errehabilitaziora bideratutako arloa, eta egia da duela urte asko ni ere horregatik hasi nintzela saskibaloian jokatzen, baina gaur egun gure fokua lehiaketan dago, maila goreneko saskibaloian. Hala, nik konfinamenduan horixe igarri dut faltan, saskibaloian jokatzea.
Lehengoetakoak izan zineten ostera ere txapelketetan modu ofizialean esku hartzen.
Bai; lehen aurreratu dudanez, ekainean entrenatzen hasi ginen, ostera ere baloiarekin kontaktua izaten... Ondoren, abuztuko atsedenaldia izan genuen, baina urrian normal hasi genuen liga. Eta ez genuen etenaldirik izan, azaroan zazpi taldekidek positibo eman genuen arte. Ordura arte, maskara barik ibili ginen jokatzen. Hamabost egunean behin proba serologikoak egiten dizkigute, kanpoan jokatu behar dugun bakoitzean, baina kantxan Federazioak ez zigun maskararekin jokatzeko derrigortasunik ezarri, eta azarora arte horrela ibili ginen.
Positiboen ondoren, neurri zorrotzagoak hartu zenituzten.
Bai, hala da. Taldekide batek positibo eman zuen lehenengo, eta, badaezpada, gainontzekooi testak egin zizkiguten. Eta hor antzeman zituzten beste sei positibo. Egia esan, nik konturatu barik pasa nuen koronabirusa; akaso, goizean apur bat nekatuago ibili nintzen egun haietan, baina horraino. Eta, ordutik, bi talde gaude maskararekin jokatzen dugunak, beste kasu batzuk ere egon direlako beste talde batzuetan.
Zer moduz moldatzen zarete maskararekin kantxan?
Ni dagoeneko ohitu naiz. Egia da bizkarrezurrean daukadan lesioagatik beste pertsona batek baino izerdi gutxiago egiten dudala, kosta egiten zait izerdia botatzea. Eta, maskararekin jokatuta, gorputzeko tenperatura gehiago igotzen zait. Baina ohitu naiz.
Martin Perez: "Mailari eusteko borrokan ari gara; talde gehiago daude aurten, baina lehia estua dugu"
Espainia osoan ibiltzen zarete aurrera eta atzera partiduak jokatzen. Hor koronabirusak ere eragin zuzena izango zuen...
Normalean, bidaiak autobusez egiten ditugu, Galiziara, aurrekoan Malagan izan ginen... Bide batez, luzapenean egindako saskiratze batengatik galdu genuen partidua, zelako pena! Eta hegazkina hartzen dugun momentu bakarra da Tenerifera joateko. Bada, hegaldiekin arazo dezente izan dira, bertan behera utzi izan dituzte, partiduak horren arabera antolatu izan dituzte... Han jokatu genuenean, uste dut partidua bukatu eta korrika batean joan behar izan genuela aireportura, eta Tenerifeko taldea Gasteizera etorri zenean ere gorabeherak izan ziren.
Ariznabarran jokatzen dituzue etxeko partiduak. Baina etxeko zaleen babes barik jokatzen ari zarete.
Izugarri igartzen da, gainera; izan ere, Zuzenaken partiduetara jende asko etortzen da. Harmailak, normalean, bete egiten dira, Sillas Bravas izeneko zale taldea ere badugu... Oso giro ona egoten da kantxan; tamalez, hori aurtengo denboraldian, behintzat, galdu egin da.
Ze helbururekin ari zarete aurten?
Aurreratu moduan, iazko denboraldian inork ez zuen kategoria galdu, baina bi talde mailaz igo ziren. Horrenbestez, aurten gehiago gara, baina borroka estua dugu atzealdeko postuetatik ihes egiteko, azken urteotan moduan. Orain momentuan, Fundacion Las Rozas eta Getafe BSR gure atzetik doaz, baina tartea ez da handia, eta hemendik eta maiatzera arteko jardunaldiak oso garrantzitsuak izango dira. Egia da, baita ere, koronabirus kasuak tarteko jokatutako partidu kopurua ez dela berbera kasu guztietan, eta oraindik badugu zer jokatu.
Eta talde barruan duzun rol-aren gainean, nahiz eta 23 urterekin oraindik oso gaztea zaren, geroago eta beteranoago, eta geroago eta garrantzi handiagoa duzu.
Pozik nago, bai. Agurtzane Egiluz taldekide gasteiztarra eta biok gara taldeko kapitainak, eta, kantxan jokatutako minutuei dagokienez, iaz baino gehiago jokatzen nabil. Egia da ez naizela taldean gehien jokatzen duen jokalari horietakoa, baina partiduko hamar minutuz egoten naiz kantxan, eta ahalegintzen gara gure ekarpena egiten. Soka luzea Martin Perez Zuzenaken partidu batean, aurtengo denboraldian.