Goya baten balioa duen zigilua, Sergio Somerena

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 12a, 09:00

Sergio Some bitxigile eskoriatzarra lanean.

Akelarre filmak bost Goya irabazi ditu sarien 35. edizioan, eta horietako bat Jantzien diseinu onena izateagatik izan da. Zuzenean ez bada ere, Sergio Some eskoriatzarrak egin zuen filmerako zigilu bat, eta, beraz, bere aletxoa ere jarri du Goya horren lorpenean.

Sari hauek jaso zituen Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filmak: jantzien diseinu onena, efektu berezi onenak, makillaje eta ile-apainketa onena, jatorrizko musika onena eta zuzendaritza artistiko onena.

Horietako batean bere aletxoa jarri du Sergio Some eskoriatzarrak. Hain zuzen ere, Jantzien diseinu onenaren Goya sarian. Arlo horretan saria Nerea Torrijos diseinatzaile bilbotarrak jaso du, eta bera izan da Sergio Some bitxigile eskoriatzarrari Akelarre pelikularako zigilueraztuna egitea eskatu ziona. Somek adierazi duenez, saria ez da berea, baina, nolabait, bere aletxoa jarri du, eta, horregatik, oso pozik dago.

Aitortzarekin "pozik"

"Pozik eta hunkituta nago Nerea Torrijosek jaso duen Goya sariarekin. Bere lanak jarraitzen ditut, eta maiteminduta nago horietaz. Profesional peto-petoa da, eta eskerrak eman nahi dizkiot, Pierre Rosteguy De Lancre Akelarre pelikulako protagonistetako batentzat enkargatu zidan eraztun-zigilua egiteko aukera emateagatik. Izan ere, bitxigile artisau gisa nire aletxoa jarri ahal izan dut horrela, eta aurrera begira bide berriak zabaldu daitezke lan honen bitartez…", dio Sergio Somek, Madrilen bizi den bitxigile eskoriatzarrak.

Akelarre filmerako egindako zigilu-eraztuna.

Bere estiloarekin bat egiten duen lana gauzatzea ederra izan dela adierazi du, eta, emaitzaz gain, prozesuan ere gozatu duela dio. "Aukera aparta sortu zitzaidan, film baterako lan bat jasota, eta esan beharra daukat mimoz egindakoa izan dela. Egin nuen zigilu-eraztuna pantaila handian agertzearekin nahikoa nuen, baina pelikulak Goya sarietan izan duen arrakasta izugarria izan da. Akelarre filma 1609an girotuta dago, eta sorginkeria du ardatz. Euskal mitologiak zoratu egiten nau, eta garai hartako jantziak, bitxiak… pila bat gustatzen zaizkit. Oso inspiratzailea izan da niretzat gai hau lantzea, eraztun-zigilu honez gain nire beste zenbait lan egiteko", dio bitxigile eskoriatzarrak.

Pierre Rosteguy De Lancre Akelarre pelikulan zigiluaz.

Akelarre filmerako zigilu-eraztuna eskuz landutakoa da, argizaritan, eta urre horiz egindako akaberarekin. Hala ere, lan horrez gain, goi mailako pasareletan jarri ditu ikasgai bere lanak, eta une honetan ere baditu beste hainbat proiektu esku artean.

'Seronoser' izenpean

esteak beste, Francisco de Goyaren pintura beltzetan oinarritutako bilduma bat garatzen ari da momentu honetan, laster ikusgai izango duena. Egindako bestelako pieza eta lanak ikusi gura dituenak seronoser Instagram kontuan bila ditzake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak