Udal aurrekontuari egindako erreklamazioa hizpide

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 10a, 16:00

Martxoko ez ohiko pleno telematikoan batutakoak.

Martxoko ezohiko osoko bilkura telematikoa izan zuten martitzenean Eskoriatzako udalbatzako kideek. Gai bakarra izan zuten berbagai: aurkeztutako alegazioei buruzko eta 2021erako udal aurrekontuaren behin betiko onarpenari buruzko erabakia hartzea. Erreklamazio bakarra izan dute, Goiena Komunikazio Taldeak jarritakoa, eta hori izan zuten hizpide. EAJren eta Elizateen baiezko botoekin eta EH Bilduren ezezkoekin bere horretan behin betiko onartu zituzten 2021eko Udal aurrekontuak.

Erabaki beharreko puntua zein izango zen adierazteaz batera, honakoa adierazi zuen Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak: "Ogasun Batzordean onartutako diktamena onartzea tokatzen da eta gure aldetik baiezkoa izango du".

Erreklamazio bakarra, Goienarena

Hori esanda, eta norbaitek hitza hartu nahi ote zuen galdetuta, honako hau adierazi zuen Nestor Aranak, EH Bilduko bozeramaileak: "Ulertzen dugu Goienak erreklamazio bat egin duela. Joan den urtean beraiei esleitutako dirua eta aurtengo aurrekontuetan jarri ez dena erreklamatzen dute, adostutakoa eta historikoki orain arteko datua –diru kantitatea– betetzea. Azken urteko urteak errepasatuz gero, diru kantitate bat esleitu da, eta bete izan da. Tamalez, hiru aldiz izan ezik. Aipatu genuen orain dela sei urte %40ko deskontu bat egin zela, eta iaz eta aurten ere jaitsiera bat izan da. Bestela, bete egin da, ez bakarrik Eskoriatzan, bailarako udal guztiek bete dute eta betetzen jarraitzen dute, ez da hutsegiterik egon, aipatu ditudan hiru kasu horietan izan ezik. Orduan, ulertzen dugu Goienaren eskakizuna zilegi dela. Are eta gehiago, aurrekontuetan kontenplatuta zegoen, eta beraiekin adostasunera heldu gabe egin da murrizketa".

Adostasunaren beharra

Aldaketarik egongo balitz adostasunetik egon beharko litzakeela azpimarratu zuen Aranak, udalak Goienako Kontseilu Errektorean daudelako: "Herriko proiektu bat da, bailarakoa, eta euskararen aldeko apustu bat egiten da, mantendu beharrekoa dena, euskararen aldeko komunikabideak ez direlako horrenbeste. Orduan, erabaki hau euskararen kalterako dela uste dugu. Horregatik guztiagatik, Goienaren eskakizuna zilegi dela eta itzuli egin beharko litzatekeela orain arte adostutakoa uste dugu".

Hori esanda, bozkatzea eskatu zuen Josu Ezkurdiak. EAJren eta Elizateen baiezko botoekin eta EH Bilduren ezezko botoekin 2021erako Udal Aurrekontuak onartuak geratu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak