Eskoriatzako otsaileko osoko bilkura modu telematikoan egin zuten martitzenean udalbatzako kideek. Joserra Zubizarreta alkatea bajan dagoela esanez hasi zuten bilkura, eta, hori horrela, Josu Ezkurdia alkateorde eta EAJko bozeramaileak gidatu zuen gai-zerrenda.
Hasteko, urgentziazko puntu bat gai-zerrendan sartu nahi zela adierazi zuen EAJk. Hain zuzen ere, Euskaltegirako ordezkari moduan Zubizarretaren ordez Maite Uribe proposatu zuten; galde-eskeen aurretik aho batez erabaki eta onartu zuten. Tramiteak eta kontratu luzapenak ere onartuta, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren baita, EH Bilduk eta EAJk proposatutako erakunde adierazpenei eskaini zieten bilkurako tarte luzeena.
EAJren ezetza EH Bilduri
EH Bilduri eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteari hitza eman aurretik, Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak euren iritzia adierazi gura izan zuen: "Argi eta zehatz irakurri dugu Bilduren proposamena, eta, esaten denaren kontra ez goazen arren, Eudelek proposatutakoarekin bat egingo dugu, Euskadiko alderdi guztien adostasuna duelako, hainbat udalerri, udal eta instituziotan aurkeztu eta onartu delako. Hala, ezezko botoa emango diogu, batasun eta indar gehiago lortzeagatik".
Talde feministarekin adostuta
EH Bilduk egunerako prestatu zuen erakunde-adierazpena Dorleta Sologaistoak irakurri zuen, honako hau esanda: "Bat egiten dugu EAJk aurkeztu duen erakunde adierazpenarekin, guk Eskoriatzako talde feministarekin egin dugu idatzi hau, beraien oniritziarekin, eta uste dugu osatuagoa dela Eudelek proposatutakoa baino".
Elizateen babesa
Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaile Leire San Vicentek, bestalde, babesa adierazi zion oposizioak aurkeztutako proposamenari: "EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako bi erakundeadierazpenak interesez irakurri ditut. Biak testuinguratzen dira, eta puntu komunak dituzte, salbuespenak salbuespen. EH Bilduk aurkeztutakoak berdintasun politika garatzeko oinarri sendo bat dauka, mugimendu feminista kontuan hartzen duelako eta emakumea erdigunean jartzen duelako eta konkretuagoa iruditzen zaidalako topatzen den eraldaketa gauzatzeko". Horiek esanda, eta bozkatuta, EAJk aurkeztutakoa irten zen aurrera, EH Bilduren eta Elizateen abstentzioarekin.