Alcanadre herritik Eskoriatzara, maitasun istorio batetik abiatuta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 21a, 08:00

Encinatarren zenbait argazki collagean.

Encinatarrak 50eko hamarkadan iritsi ziren Alcanadretik Eskoriatzara. Ezagunak izan ziren, Errioxako ardoa bertara ekarri eta izan zituzten bodegetan saltzeagatik. Hala ere, horren guztiaren atzean bada ardoaren negoziotik haragoko istorioa: maitasunezkoa.

Juanito Encinak eta Margarita Pascualek –Errioxako Alcanadre herriko bikotea– sei seme eta alaba bat izan zituzten –Gustavo, Rodolfo, Gonzalo, Gumer, Conrado, German eta Hermelina–. Bizitza aurrera ateratzeko asmoz, Eskoriatzara emigratu zuten, 1954an, Gonzalo bigarren seme nagusiaren musikaren zaletasuna aitzakia hartuta; baina, berez, Leintz Gatzagan ezagutu zuen emakume baten maitasunak bultzatuta abiatu zuten bidaia. Horrekin batera, Alcanadreko ardoaren negozioa ere ekarri zuten, eta denbora gutxian encinatarren familiako zenbait kide errotu egin ziren Eskoriatzan; gaur arte, familiako zenbait kidek eta euren oinordekoek bertan bizitza dutela edo izan dutela da horren adierazgarri.

Encinatarrak, ezkontza batean Goian, ezkerretik eskuinera, lehenengo gizona German, bigarrena Conrado, hirugarrena Gustavo, bosgarrena Gonzalo eta zortzigarrena Gumersindo. Eskuinaldean, zutik dagoen helduena, berriz, Margarita Pascual da –encinatarren ama–, eta bere atzean dagoena Hermelina Encina. ARGAZKIAK: ESKORIATZA IRUDITAN ETA GERMAN ENCINA

Margarita Pascual eta Juanito Encina.

Gonzalo Encinak –bigarren seme nagusia– Errioxan zuen solfeo irakaslearen ikasgai guztiak jaso ostean, Arabako Flandes kuartelera bidali zuten; garai hartan, musika banda militar entzutetsua zen han. Soldadutzan zegoela, saxofoia jotzen ikasten hasi zen, eta Jose Elejalde Rafle akordeoilaria ezagutu zuen –Karra Elejalde aktore ezagunaren aita–. Hala, zenbait erromeria egin zituzten biek Gasteizen, Gatzagan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Otxandion eta inguruko beste zenbait herritan.

Maitasuna, ardoa eta abentura

German Encinak gogoan ditu Alcanadretik Eskoriatzara iritsi berritako egun haiek. Lehenengo, gurasoak beraien seme Gonzalorekin iritsi ziren, eta, bizimodu berri oparago baten bila, apurka-apurka, seme-alaba guztiak abenturara animatu ziren. "Berandu jakin genuen nire anaia Gonzalo erromerietan aritu zela eta horietako batean Gatzagako Olaun baserriko Teresa Sasiainekin maitemindu zela. Horrek bultzatuta, gurasoak konbentzitu zituen anaiak Eskoriatzan bodega bat jartzeko, eta, bide batez, bere maitearengandik gertu egoteko. Hain zuzen ere, Bolibar elizatean izan genuen lehenengo bodega, Armendariz-Zubizarreta familiaren jabetzako lokal batean. Ardoa soltean saltzen zen bertan, txanbiletan eta botiletan, eguneko edozein unetan. Gurasoek esan zidatenez, Dionisio jaunak, gaur egun, Alcanadreko Bodegas Gomez-Agirre izenekoaren jabeak, nire gurasoei lehen ardo kamioiak saldu ahala ordaintzeko aukera eman zien. Abantaila hori barik, ezin izango ziren nire gurasoak ezta gu ere Eskoriatzara etorri…", dio Germanek.

Bodegaren arrakasta

Ardoz betetako kamioi bakoitzak 10.000 litro ardo ekartzen zizkien. "Esan moduan, ardoa soltean saltzen genuen; litroa 50 zentimotan, garai hartan pezetatan, eta gogoan dut lehenengo kamioikada 20 edo 25 egunean saldu genuela". Ardoaren negozioa hasteaz batera, bananbanan anai-arreba guztiak Eskoriatzara iristen hasi ziren, ardo kamioiaren bidaiak aprobetxatuz.

1) Conrado eta Rodolfo, herrira iritsi berri.

2) Rodolfo eta Gustavo Encina moto-karroan.

Alcanadre izeneko taberna

Bolibarko bodega ireki eta hilabetera, Eskoriatzako Atxarena izeneko taberna alokatu zuten Juanito Encinak eta Margarita Pascualek, beraien bi semerekin, Gonzalorekin eta Gumerrekin, El francés izenez ezagunagoa zena, Irunen eta Hendaian urte askoz zerbitzari egoteagatik. Hala, Atxarena taberna hartu, eta Alcanadre izena jarri zioten. "Guri, semealabei, Alcanadre tabernako semeak bezala ezagutzen gintuzten, eta nire gurasoak Juanito eta Margarita deitzetik Juan eta Margari deitzera pasa ziren. Lan asko egindako urteak izan ziren, baina baita poztasun handikoak ere, bezeroak lagunak ere baitziren. Garai hartan, Gatzagan ere ezarri genuen beste bodega bat, lokala, Elejalde familiaren jabetzakoa zena. Bertan, Jose Elejalde Rafle eta anaia Gonzalo erromerietan joaten zirenean, nire anaia Conradok eta Rodolfok zaintzen zuten bodega, Eskoriatzatik Gatzagara bizikletan igo eta jaitsiz".

Alcanadre taberna Aranburuzabala kaleko 11. zenbakian zegoen, gaur egun Aldatz taberna dagoen lekuan. Argazkian, ezkerretik eskumara: Conrado Encina, Gustavo Encina eta Fernando Beitia.

Gonzalo, musika bandan gidari

German Encinak gogoan du garai hartan bere anaia Gonzalori Eskoriatzako musika bandaren ardura eskaini ziotela, eta gutxira ezkondu zela Teresa Sasiainekin. "Aipamen eta esker on berezia merezi du gure koinatak, garai hartan emakume euskaldun gutxi ezkontzen baitziren kanpoko mutilekin. Zorionez, urte mordoa eman dute elkarrekin, baina, zoritxarrez, Terek aurten utzi gaitu, Gonzalok eta Enrique Lajarin koinatuak bezala".

Anton Iregi, Gonzalo Encina eta Rafle, Eskoriatzako Jose Arana kalean behera.

Bertakoekin ezkondu

"Gustavo anaia nagusia Altsasuko Amparo Sueskunekin ezkondu zen; Bergaran ezagutu zuten elkar. Laugarren anaia, Rodolfo, M. Jose Oyon Nafarroako Sansol herrikoarekin ezkondu zen. Bigarren anaia, Gonzalo, esan moduan, Gatzagako Teresa Sasiainekin. Gumer Eskoriatzako Castañareseko M. Dolores Cusirekin ezkondu zen eta Conrado, Leonor Herrerorekin, arrasatearra zena. Gure ahizpa Hermelina, aldiz, Enrique Lajarin kantabriarrarekin ezkondu zen, Eskoriatzan bizi zena. Ni, gazteena izanda, pixka bat urrundu nintzen, eta M. Avelina Iñiguez de Ciriano gasteiztarrarekin ezkondu nintzen. Dolores, Rodolfo, Amparo, Enrique, Tere eta Gonzalo hilda daude eta besteok hor jarraitzen dugu, Eskoriatzako oroitzapenez eta bizipenez beteta".

Rodolfo, maitatuena

Rodolfo Encina anaien artean ezagunena zela dio Germanek. Udalaren jabetzakoa zen La Cafeteria taberna izan zuen, eta baita Sala de fiestas-a ere… "Rodolfok honako hau adierazten zigun euskaldunez eta eskoriatzarrez hitz egiten genuenean: 'Gonbidatu itzazu kontuz,%99ko gonbidapenarekin; izan ere, gonbidatutakoa biderkatuta itzuliko dizute hauek".

Eskoriatza-Alcanadre, bizikletan

Hamaika orri idazteko adina istorio ere baditu encinatarrek sustatutako Eskoriatza-Alcanadre klasikoak. Bizikleta hartu, eta Eskoriatzatik Alcanadreraino bizikletan joateko erronka urte askoa egin zen, eta oso popular bilakatu zen. Hala ere, beste batean kontatzeko istorioa da, edo, agian, ez; kontatu ezineko istorioak ere izan daitezkeelako, beharbada.

Eskoriatza-Alcanadre klasikoa egin zen edizio bateko argazkiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak