Olatz Pagalday: "Umorearen beharra dugu garai latz honetan"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 13a, 11:05

Olatz Pagalday, Erdaldun berrien kluba antzezlanean.

Eskoriatzarraren ogibidea den antzerkia oso kolpatua izan da pandemia garaian. Hala ere, egoerari aurre egin, eta saio berriak prestatzen ere izan da, geratu barik.

Hogei urtetik gora daramatza Olatz Pagalday eskoriatzarrak oholtza gainetan antzezten. Plaza eta antzoki askotan aritu da, eta, 2020ak erritmoa moteldu arren eta lan egiteko oztopo gehiago izan arren, ikuskizunak egiten jarraitu du, baita berriak sortzen ere.

Ogibidez antzerkigilea izanda, ikuskizunak emateko zailtasunekin aritu zarete azkenaldian?

Bai, baina ez hori bakarrik; lanbide ez egonkorra izan da betidanik, eta egoera honek ezegonkorrago bihurtu du. Programatzaileengan beldur puntu bat nabaritu da pandemiaren hasieran. Antzokiak gune seguruak direla ikusi da, eta umorearen eta irudimenaren, kulturaren, beharra dugu guztiok, gaur egungo egoeran are eta gehiago. Ea gehiago programatzen den.

"ETXEKOEN AURREAN ANTZEZTEA BEZALAKORIK EZ DAGO; GUSTATUKO LITZAIDAKE"

Azkenaldian, zertan aritu zara?

Aspaldi egin barik nuen Erdaldun berrien kluba antzezlanarekin aritu nintzen, urrian, Bergarako Seminarixoan, esaterako. Horrekin batera, Deabru Beltzak-ekin Olentzeroren eskuritzak antzerkia antzezten aritu gara aretoetan… Horrez gainera, aurretik prestatuta genuen ikuskizun bat pandemia egoerara moldatu behar izan dugu. Tonu umoretsuan dantza, musika eta jolasa ardatz, ikuskizunaren izenburuak dioen moduan, diberti-dantzarik ez da falta.

Maskarak direla-eta ikusleen emozioak eta irribarreak ikusi ezin izateak kolpatu egiten du, nolabait?

Zalantza barik. Hasieran, arraroa egiten da, jendearen espresioek asko laguntzen dizutelako antzezlana aurrera eramaten, eta egin ahala hobetzen. Norbanakoen espresioak mugatu egiten dira eta talde indarra galdu egiten da.

Eskoriatzako Zaldibar oholtza gainean izandakoa zara. Besteren batekin ikusiko zaitugu?

Ea horrela den. Gustatuko litzaidake gertukoen aurrean berriz antzeztea. Urduriago jarri arren, etxean antzeztea bezalakorik ez dago.

Egoerari umorez aurre egiten

Deabru Beltzak teatro konpainiarekin batera Dibertidantza izeneko ikuskizunarekin buru-belarri aritu da Pagalday. Pandemia egoeran, musikaz, jolasez eta dantzaz osatutako formula berezi bat taularatzen dute, ikus-entzuleak hankaz gora jartzeko, pandemia garaian jendea alaitzeko asmoz.

Diberti-dantza ikuskizunaren une bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak