Migrazioren lanketa feminista taldekoekin

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 13a, 12:00

Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldekoek Auzoko Eskoriatza taldekoekin egindako saioa.

Auzoko Eskoriatza taldeko kideak Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideekin lanketa saioak egiten ari dira. Hizkuntzak partekatzeko, Eskoriatzara iristean jaso zuten harreraren gainean hitz egiteko eta bi taldeetako kideek elkar ezagutzeko.

Auzoko Eskoriatza taldekoak Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideen bisitak izaten ari dira beraien saioetan. Hitzordu horietan, hizkuntzak partekatzeko lanketarekin aritu dira, elkar ezagutzen, eta, hori horrela, auzotarrek auzokideei Eskoriatzara etortzean izan zituzten beharrez galdetu eta solasaldi ederrak izan dituztela adierazi du Iratxe Arresek, Auzoko Eskoriatza taldeko koordinatzaileak.

Migrazioa ardatz

2021eko martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, beste hainbat aldarrikapenekin batera, emakumea eta migrazioa izango da gai nagusietako bat, eta emakume migratuen eskubideen defentsan aterako dira kalera, baita Eskoriatzan ere. Horren harira, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideek emakume migratzaileen hitzak plazaratu nahi dituzte. "Lanketarekin hasi bakarrik egin gara; izan ere, bi saiotan elkartu gara Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldekoekin, baina oso saio emankorrak izan dira. Hala, otsailaren 20ko Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako ekintza zehaztuko dugu eta Martxoaren 8rako ekintzak ere prestatu gura genituzke hemendik aurrera", adierazi du Arresek.

Ikasleekin lanketa saioa

Hilaren 22an, berriz, eta beste urte batzuetan egin duten moduan, Huhezi fakultatera joango dira bisitan Auzoko Eskoriatza eta Auzoko Aretxabaleta taldeetako kideak. Bertan, ikasleekin eta irakasleekin batuko dira, esperientziak partekatzeko eta Auzoko proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Emakumeen Mundu Martxa

Otsailaren 20an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa bailarako ekitaldia izango da, eta Eskoriatzan amaituko da; mugak, transnazionalak eta migrazioa izango ditu ardatz egitasmoak. Egunerako egindako oihalak herri batetik bestera eramango dituzte, eta Eskoriatzan denak jasoko ditu furgonetak, martxoaren 6an, Irun eta Hendaia arteko zubian oihal guztiak josita eskegitzeko.

EMAKUMEEN MUNDU MARTXAREN BAILARAKO EKITALDIA ESKORIATZAN AMAITUKO DA

"Oihalean, emakume emigranteek nola bizi izan duten emigrazioa adieraziko dugu. Hala, testu bat irakurriko dute, eta Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldekoek eta Auzokoko Eskoriatzakoek ekintza bat gauzatuko dugu, egunean bertan ikusi ahal izango dena", adierazi du Kristina Kardenalek, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak