Carolina Alvarez: "Hemen biziko banaiz, euskara ikasi nahi dut"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 5a, 11:45

Carolina Alvarez, lantokian, Aretxabaleta okindegian.

Madrildik Eskoriatzara bizitzera etorri berri da Carolina Alvarez Colmenero. Herrira egokitzeko eta bertan bizitzeko tokian tokiko hizkuntza jakitea ezinbestekoa dela argudiatuz, bertara etorri aurretik euskara ikasten hasi zen, online saioen bitartez. Eskoriatzara iristean, euskaltegiko saioekin jarraitu du, eta "oso gustura" dagoela adierazi du. Horrekin batera, Aretxabaletan egiten du lan, eta, euskaltegia lantokitik gertu izanda, ahal duen guztietan joaten da bertara.

Madrildik Eskoriatzara bizitzera etorri aurretik hasi zinen euskara ikasten. Zer dela-eta etorri zara hona eta nolatan hasi zinen euskara ikasten?

Nire mutil-laguna eskoriatzarra da, eta, zenbait urtez Madrilen bizi izan garen arren, Eskoriatzara etortzea erabaki dugu. Hori horrela, argi neukan bertan bizi behar banuen, euskara ikastea ezinbestekoa nuela. Hala, Eskoriatzara etorri aurretik, programa baten bitartez euskara ikasten hasi nintzen. Gero, zenbait egunetan, Karmele Agirregabiria Leintz Udal Euskaltegiko zuzendariak online saio batzuk eman zizkidan, eta horiek izan dira euskararekin izan ditudan lehen urratsak. Gero, Eskoriatzara iritsi eta, azaroaren 3an, Aretxabaletako euskaltegian fisikoki hasi nintzen saioekin. Orain, beste irakasle bat dut, Arantxa, eta oso gustura ari naiz, poliki-poliki ikasten. Gainera, esan beharra daukat oraindik Madrilen geundela Puntua aldizkariko Otorduan ataleko euskaraz idatzitako errezeta bat egin nuela…

Aretxabaleta okindegian egiten duzu lan. Euskara praktikatzeko leku aproposa, duda barik.

Hala da; bertako bezeroekin saiatzen naiz euskaraz egiten, eta, gainera, Aretxabaletako euskaltegia bi pausotara izanda, sarri joaten naiz bertara. Ainhoa da okindegiko nagusia, eta berarekin ere asko praktikatzen dut, asko ikasten ari naiz. Gainera, euskaltegiko irakasleak ere hona etortzen dira kafea hartzera; beraz, esan dezaket une oro ari naizela euskara praktikatzen.

Zein ikasgairekin ari zara orain? Gainera, lehenengo euskarazko azterketa egin berri duzu asteon; zer moduz egin duzu?

Nork-nori-nork, baldintza… Liburu osoa eman dugu dagoeneko, eta, zuk diozun moduan, lehenengo azterketa izan dut aste honetan. Urduri nago gaindituko dudan ala ez, baina hori gutxienekoa da; izan ere, nire helburua ikastea da. Horrekin batera, errezetak idazten ere ari gara. Osagaiak jarri, plateraren prozesua azaldu…

"EUSKALTEGIA LANTOKITIK BI PAUSOTARA IZANDA, SARRI JOATEN NAIZ BERTARA"

Euskaltegiko ikasgaiez batera, herritarrekin euskaraz egitean eskaintzen dizute laguntasunik? Eskertzen dute zure ahalegina?

Elkarrizketa bat mantentzea zaila da niretzat oraindik. Hala ere, jendeari euskaraz egiteko eskatzen diot, hala, ikasi egiten dudalako, eta, bide batez, praktikatu. Nire mutil-lagunaren kuadrillakoekin ere aritzen naiz zertxobait euskaraz, baina euskalkia ere badago tarteko, eta, orduan, gauzak konplikatu egiten dira.

Euskaltegitik zer atera nahi duzu?

Lehenbizi, euskaraz hitz egiten didatenean ulertzea, eta komunikatzeko gai izatea. Gero, euskaltegiko titulu eta egiaztagiri guztiak ateratzea izango litzateke nire ametsa, baina urte asko behar dira horretarako, eta pausoz pauso joan nahi dut.

Hemen bizitzeko, beraz, euskara derrigorrezkoa dela esango zenuke?

Ez da derrigorrezkoa, baina uste dut garrantzitsua dela, eta kanpotik gatozen guztiok esfortzua egin beharko genuke. Hizkuntza baten gainean ezer ez dakizunean, defendatzeko eta nolabait ulertzeko gai izan behar duzu, bertan bizi bazara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak