Santa Ageda neska-mutil izateko gogo bizia izaten dute eskoriatzar askok. 18 urte betetzeko edo bete berri dauden horiek ospatzen duten ohitura da kintua izatea, baina aurten, pandemia egoerak baldintzatuta daudenez, ez dituzte ekintzak gauzatuko.
Dantza eta kantuez gain, parranda egunak izaten dituzte Santa Ageda neska-mutilek; ondo pasatzeko egunak, duda barik, baina aurten ez da hala izango. Izan ere, 2003an jaiotako 44 eskoriatzarren txanda izatekoa zen aurtengoa, baina, atzo ikusi moduan, ez ziren aritu Santa Ageda bezperan baserriz baserri koplak abesten, ezta santa-eskean ere. Eta gaur, egubakoitza, Santa Ageda egunean ere ez dituzte dantzak egingo plazan, eta domekan ere ez dira batuko. Hala ere, egoera ulertu dute aurtengo protagonistek, eta ahal denean Santa Ageda neska-mutil bezala ateratzeko eta urteroko ekintzak gauzatzeko prest egongo direla adierazi dute 2003an jaiotakoek.
Ainhoa Loiti. 2003an jaiotako eskoriatzarra
Santa Ageda neskamutilen ohituraren parte izateko gogoz egon arren, 2003an jaiotako eskoriatzarrek bertan behera utzi dituzte Santa Ageda egunaren bueltan zituzten ekintza guztiak.
Ohitura gauzatu barik, penaz egongo zarete.
2003an jaiotako 44 eskoriatzar izango ginen aurten, eta aurreikusten genuen ezingo genuela egin. Hala ere, Udaletik proposatu ziguten lauko taldeetan kantuan aritzea baserriz baserri… baina ez egitea erabaki dugu.
Egoerak ahalbidetzean, zer?
Ikusiko dugu, baina gustatuko litzaiguke egitea datorren urtean edo hemendik bi urtera. Ordurako ikasiko ditugu kanta eta dantza guztiak, baina ez dugu egin barik geratu nahi.
Horrekin batera, Eskoriatzan urte gutxian sakon errotu den Kinttadeen Eguna ere egin izan ohi da. Duela hamar urte Santa Ageda neska-mutilek herrian giroa izan zezaten sortutako festa da, urte berean jaiotakoak elkartzeko, eta elkarrekin herriko elkarteetan eta tabernetan bazkaria izaten dutena. Hala, aurten ez da halakorik izango.
Urdelardero gazi-gozoa
Santa Ageda neska-mutilez gain, herriko gaztetxoenek Eguen Gizenean urtero ospatzen duten Urdelardero ere ez da beti bezala ospatuko. Hala ere, Jose Arana ikastolako eta Luis Ezeiza eskolako haurrak irtengo dira kalera, eta batzuk, Ibarraundi museora, eta, beste batzuk, aldiz, udaletxe parera joango dira abestera. Gainera, nagusien egoitzakoei Urdelardero kantatzera ere gerturatuko dira, egoiliarrak leihoetatik entzungo duten bitartean.
Ohiturak eta bizipenak
Santa Ageda eguneko ekintzak eta Inauteriak behar bezala ez bete arren, Eskoriatza Bizirik Eskoriatzako Udalaren Youtubeko kanalean hiru ikus-entzunezko jarriko dituzte ikusgai egunotan: bata Santa Agedaren eta kintoen gainekoa da; bigarrena, Santa Agedan emakumeen parte-hartzearen gainekoa; eta hirugarrena, Eskoriatzako Inauterien berezitasunena. Zenbait bizipen kontatzen dituzte herritarrek, irudi eta argazkiz hornitutako bideoetan.
SANTA AGEDA ETA INAUTERIAK HIZPIDE 'ESKORIATZA BIZIRIK' KANALEKO HIRU BIDEOTAN
Santa Agedaren eta kintoen gaineko bideoa 2014. urtean grabatutako dokumentala da, testigantzetan oinarritutakoa, Eskoriatzako Santa Ageda tradizioari eta kintoen dantzei buruzkoa. 18 urte bete eta derrigorrezko soldadutzara joan behar zen garaietatik gaur egunera arteko errepasoa egiten dute berbetan agertzen diren Edurne Abasolok, Anton Agirrek, Jota Arrietak, Pepe Barandiaranek, Klaudio Belategik, Mari Karmen Erañak, Gadea Errastik, Jon Errastik eta Begoña Eskibelek.
Bigarren ikus-entzunezkoa, berriz, Santa Ageda mutilen kontua izatetik neska-mutilen kontua izatera pasatako trantsizioan oinarrituta dago. Lehen, gizonezkoak bakarrik aritzen ziren kantu-eskean, eta plazan dantzan, eta 2008an, Eli Gabilondo eta Gadea Errasti izan ziren lehen emakumezkoak –1990ean jaioak– baserritar jantzita banakoa egitera dantzara batu zirenak.
Hirugarren ikus-entzunezkoan, Urdelardero egunaz eta kukumarruez hitz egiten da. Urdelardero egunak Inauterien etorrera iragartzen du, eta ohitura berreskuratu izanaz eta egun horretan egiten denaz hitz egiten dute testigantzak ematen dituztenek. Kukumarroak ere hizpide dira ikus-entzunezkoan; lehengo basajaunak irudikatzen dituzte kukumarroek, eta kristautasunaren aurretik basoan bizi ziren horiek dira.
'Kukumarruak Inauteritan' hitzaldia
Inauteriek Eskoriatzan berezitasunak dituzte. Esaterako, Urdelardero ospatzen da Eguen Gizenean eta kukumarruak ateratzen dira Inauteri-martitzenean. Hori kontuan hartuta, eta kukumarruak ardatz, munduko bazterretako beste ohitura batzuekin dituzten antzekotasunak aztertuko dituen hitzaldia izango da otsailaren 12an, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Kukumarroak zer diren azalduko da eta kukumarroen eta Urdiango momoxarroen arteko loturaz hitz egingo da, besteak beste. Hizlaria Oier Araolaza antropologoa izango da, eta, sarrera doan izango den arren, gonbidapenak eskatu beharko dira 943 71 46 88 telefono zenbakira deituta edo 650 49 51 66ra whatsapp-a bidalita.