Aitor Kortazar: "Marinara joatea tokatuta, argi nuen ez nintzela joango"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 25a, 11:00
Aitor Kortazar eskoriatzarra.

Aitor Kortazar eskoriatzarra zuzenean deklaratu zen intsumiso 90eko hamarkadan. Hala, soldadutzara joateari uko eginda, epaitua eta kondenatua izan zen, gero epaia bete ez arren.

Hilaren 29an, Lander Garrok zuzendutako Bi urte, lau hilabete dokumentala proiektatuko da Zaldibar antzokian, 19:00etan. Intsumisioari buruzko lana da, eta bertan, soldadutzaren aurka borrokatutako sei lagunen istorioa kontatzen da. Euskal Herrian oihartzun handia izan zuen Espainiako armadari desobedientzia zibileko gizarte mugimenduak, eta milaka gaztek ezetz esan zioten soldadutza egiteari. Horietako bat izan zen Aitor Kortazar eskoriatzarra. Garroren lanean ez agertu arren, berak bizitakoak ekarri ditu gogora.

Noiz egin zenion uko soldadutzari?

18 urterekin Santa Ageda mutil –kinto– izaten ginen Eskoriatzan. Hala, 1990ean tokatzen zitzaidan joatea, baina, ikasketak luzatu nituenez, 91n edo 92an joan beharko nuen.

"MARTUTENERA JOAN BEHAR BADUGU, JOANGO GARA, BAINA SOLDADUTZARA EZ NOA', ESATEN GENUEN"

Zer egin zenuen ez joateko?

Kontzientzia eragozpena egiteko aukera zenuen garai hartan. Zerbitzua Gurutze Gorrian, musika bandan… edo zuzenean intsumiso deklaratu. Ni neu zuzenean deklaratu nintzen intsumiso.

Intsumiso deklaratuta, zer gertatu zitzaizun?

Soldadutzara joan behar ez zenuela deklaratzen zenuen, eta intsumiso zinela adierazi. Hala, nire kasuan, lehenengo, Bergarako epaitegian deklaratzera deitu ninduten, eta han hiru lagun batu ginen. Kasualitatez, horietako bat abokatua zen, Bergarakoa, Iñigo Elkoro, eta, berak bere burua defendatu ostean, gu defendatu gintuen gero. Hangoak amaituta, Donostiako epaitegira pasa zen kasua. Han epaitu eta kondenatu ninduten.

Eta kartzelatua izan zinen?

Ez; zortearen araberakoa izaten zen hori, epailearen araberakoa… Hala ere, kondena jasotzen zenuen, baina, askotan, eskaerak egiten ziren, kondenak ez betetzeko. Izan ere, ni epaitu baino bi edo hiru urte lehenago, ez zegoen hainbeste, baina denbora gutxian sekulako uholdea sortu zen; eta ikusten zen eta ikusten zuten Espainiako armadakoek ere ezingo zela gelditu. Hala, nire kasua linbo batean geratu zen, eta epaia ez zen bete.

Pausoa ematea zaila egin zitzaizun?

Niri, Marinara joatea tokatu zitzaidan, eta oso garbi neukan ez nintzela joango. Gainera, nire kintan, ez dakit zenbat izango ginen, baina hiru edo lau bakarrik joango ziren soldadutzara. Askok ikasketak ere luzatu zituzten… Horrekin batera, babes handia geneukan. Nire kasuan, Eskoriatzako Udaletik etorri ziren babesa eta elkartasuna ematera.

Eskoriatzan, beraz, mugimendu handia izan zenuten?

Eskoriatzan moduan, Euskal Herriko herri guztietan. Hasiera batean, ni baino nagusitxoagoak zirenek txarrago pasa zuten. Esaterako, gogoan dut Arrasaten zenbait kartzelara joan zirela. Lagun asko ditut intsumiso izateko pausoa eman zutenak, eta batzuek bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua zeukaten…

Garai gogorrak, beraz?

Borroka bortitza izan zen, baina une oro jendea lanean ari zen. Iruñeko jende mordoa sartu zuten kartzelan, eta erreferenteak ziren asko: Kojon Prieto y los Huajalotes musika taldeko abeslaria, kazetariak… Onartuta geneukan ez ginela joango. "Donostiako Martutenera joan behar badugu, bertan bukatuko dugu, baina soldadutzara ez noa", esaten genuen. Nire kuadrillako baten anaia hil egin zen soldadutzan zegoela, adibidez. Maniobra militar batzuk egiten ito egin zen pantano batean, eta horregatik ere oso barneratuta geneukan, txikitatik, joango ez ginela. Borrokarako prest geunden: okupazioa, desobedientzia zibila, mugimendu politikoa… zegoen, eta hau bat gehiago izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak