Eskoriatzako doinua duten erloju hotsak

Karmele Uribesalgo 2021ko urt. 9a, 11:09
Katedralean ikusgai dagoen Abaituaren erlojua. Argazkia: Santa Maria Katedrala Fundazioa

XIX. mendean Gasteizko Santa Maria katedralean zegoen ordularia debagoiendar batek egin zuen; Eskoriatzan jaiotako Francisco de Paula Abaituak. Ez dago argi zer gertatu zen pieza horrekin, baina erlojugilearen lan bat dago ikusgai katedralean.

Katedral eta elizetako pieza garrantzitsuak izan ohi dira erlojuak, baina, normalean, ordulari horien egilea nor izan zen ezkutuan gelditzen da. Arakatuz gero, ordea, bada informaziorik, eta, batzuetan, sorpresekin dator. Horren adibide da Francisco de Paula Abaituaren istorioa. Eskoriatzan jaio zen, 1813an, eta XIX. mendean Gasteizko Santa Maria katedraleko erlojuaren makineria egiteko ardura izan zuen. Hori horrela, 1856tik 1880ra Eskoriatzako marka zuen gasteiztar askorentzat erreferentziazkoa zen ordulariak. Behin aldatuta, ez dago argi zer gertatu zen pieza harekin, baina Santa Maria katedralean badago Abaituaren lan bat ikusgai: Elorriaga kontzejuko dorreko erlojua, hain zuzen ere. Adituek ez dute konfirmatu katedralean egon zen ordulari bera denik, baina adierazi dute garai eta estilo berekoak direla.

Joseba Abaituaren herenaitona zen erloju horien egilea, eta informazio bila aritu izan da azken urteetan. Arabako artxiboa lagungarri izan zaio, eta senideek kontatutako istorioen bitartez ere argitu ditu zenbait kontu: "Txikitatik entzun izan diot nire izebari Gasteizko katedraleko erlojua nire herenaitonak egin zuela".

Francisco de Paula Abaitua Eskoriatzan jaio bazen ere, 1856an bigarren aldiz ezkondu eta Gasteizera joan zen bizitzera. Urte hartan iritsi zitzaion Santa Maria katedraleko erlojua egiteko agindua. Herenilobak dioenez, Gasteizko Udalak lehiaketa bat antolatu zuen ordulari hori nork egingo zuen erabakitzeko. "Lehenengo deialdian ez, baina bigarrenean lortu zuen lan hori egiteko ardura nire herenaitonak", adierazi du. Bestelako lan batzuk ere egin zituen Abaituak; besteak beste, Arabako Gesaltza Añana eta Luku herrietako elizetako erlojuak.

Erlojuaren planoa. Argazkia: ARABAKO AGIRITEGI ZERBITZUA. ATHA-FHPA-DH-1-11-10.

Erlojuekin lotura duen familia

"Bitxia eta harrigarria" iruditzen zaio Joseba Abaituari XIX. mendean Eskoriatzan jaiotako herritar bat erlojugintzan aritzea. "Mende mugitua izan zen, odoltsua, eta ez dakit nola, baina herenaitonak erlojuak egiten ikasi zuen; agian, tailerren bat egongo zen Eskoriatza inguruan".

Francisco de Paula ez zen Abaitua familian erlojuekin harremana izan duen bakarra. Joseba Abaituaren izebak eta aitonak, Clemen eta Jose Luis Abaituak, erloju-denda bat izan zuten. Gainera, azken horrek, esaterako, Suitzako erloju marka batekin ikasi zuen ofizioa, Madrilen.

"Ilusioz bizi dut nire familiaren istorio hori", aitortu du Abaituak, eta harro kontatzen du herenaitonak egin zuela Gasteizko Santa Maria katedraleko erlojua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak