Josten ikasteko saioak, sormena landuaz batera

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 8a, 17:51

Haurren saioei begira, eredu horien antzekoak egitea da asmoa.

Haurrei eta nerabeei zuzendutako joskintza eta ehungintza sormeneko ikastaroa eta helduentzako joskintza ikastaroa antolatu ditu Lourdes Martinez eskoriatzarrak. Atzo hasi zituzten saioak, baina parte hartu nahi duenak aukera du oraindik izena emateko.

Lourdes Martinez eskoriatzarrak urte berriarekin batera proposamena egin die herritarrei joskintza ikastaroan parte hartu dezaten. Batetik, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako joskintza eta ehungintza sormeneko ikastaroa antolatu du; eta, bestetik, helduentzako joskintza saioak.

Izen-ematea abenduan ireki zen eta lehenengo saioak atzo egin zituzten parte-hartzaileek. Hala ere, irakasleak jakinarazi duenez, aukera dago oraindik izena emateko, haurren ikastaroan zein helduenean. "Atzo hasi genituen saioak, baina aukera dago oraindik izena emateko. Eguazten eta eguenetan egingo ditugu tailerrak, kultura etxean, baina ordutegian aldaketak egitea ere ez dugu baztertzen. Beraz, gogoz dagoena animatu dadila joskintzaren mundua ezagutzera, eta, bide batez, sormena lantzera", adierazi du Lourdes Martinezek, joskintza ikastaroko irakasleak.

Izen-ematea zabalik dago

"Oraingoz, bederatzi haurrek eman dute izena haurren eta nerabeen joskintza eta ehungintza sormeneko ikastaroan. Gehienek 9 urte dituzte, baina, esaterako, bi partaide ditut 7 urtekoak, eta 14 urte dituen bat ere animatu da parte hartzera", adierazi du Lourdes Martinezek, joskintza ikastaroko irakasleak. "Haurren kasuan, hasiera batean, bi taldetan hasiko gara adin guztietako haurrak nahastuta, baina, izen-emate gehiago egonez gero, adinaren arabera banatzea da asmoa", esan du Martinezek.

Haurren eta nerabeen saioetan, joskintzaren gaineko oinarrizko kontzeptuak ikasteaz batera, beste zenbait lantxo egiteko aukera ere izango dute partaideek; helburu nagusia sormena lantzea da.

Saioak, momentuz, eguenetan

Haurren saioak eguenetan, 16:30etik 17:45era eta 18:00etatik 19:15era bitartean izango dira, kultura etxeko bigarren solairuan. Helduen saioak, berriz, eguaztenetan eta eguenetan izango dira; saioak goizez eta arratsaldez egingo dira. Informazio gehiagorako, 658 75 13 75 telefono zenbakira deitu edo idatzi daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak