Jesus Fernandez de Arroiabe, txirrindulari eta plater-tiratzaile ezaguna, hil da

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 6a, 09:22

Jesus Fernandez de Arroiabe. Argazkia: Ahotsak.eus

Atzo, urtarrilak 5, hil zen Jesus Fernandez de Arroiabe Matxain (Eskoriatza, 1934). Maulanda tabernan jaioa, gaztetan txirrindularia izan zen. 1950 hamarkadan Espainiako ziklokros txapelketan parte hartu zuen Sabadellen eta munduko txapelketan ere egon zen, Luxenburgon. Txirrindularitza utzitakoan plater-tiroan jardun zuen eta 1980ko Errusiako olinpiadetan baita brontzezko domina eskuratu ere.

Eskoriatza eta Leintz Gatzagako mugan dagoen Maulanda tabernan jaio zen. Ama Leintz Gatzagakoa zuen eta aita, Argentinan jaioa, Jesusen aitajauna hara joanda zegoelako; 5 urterekin itzuli zen hori Maulandara.
Maulandako eskolan hasi zen ikasten Matxain eta gero, 14 urte arte Eskoriatzan jardun zuen Hermano Luisekin. Handik Bergarako Elemental eskolara joan zen.

Ziklokrosean dotore

Txirrindularitza ibilbideari ziklokrosarekin ekin zion Fernandez de Arroiabek. Lehenengo lasterketa Aretxabaletan jokatu zuen, 1954an, baita irabazi ere. Lasterketa hura nolakoa izan zen berak kontatu zuen Ahotsak.eus webgunean: "Irteeran ikusi ninduten eta gero, helmugan, garaikurra jasotzen. Irten, hanka egin nuen eta adios! Gogoan dut Aretxabaletatik Copreci lantegiaren gainaldera igo behar zela, urtegi aldera, eta gero zelaitik behera jaitsi, Coprecitik behera. Jendeak ez ninduen ezagutzen baina ondo gertatuta nengoen".

Espainiako txapelketarako hautatu zuten gero. Sabadellen jokatu zen hori eta bigarren postua eskuratu zuen. Afizionatu izatetik profesionaletara igo zuten orduan, munduko txapelketa jokatzera joan ahal izateko. Luxenburgon izan zen hori, 1955 inguruan, eta berak kontatzen zuen hamabigarren edo hamahirugarren egin zuela.

Ondoren soldaduskara joan behar izan zuen, Gasteizera. Baina kirolari izateagatik baimen berezia izan zuen eta entrenatzera joan ahal izan zen berak kontatutako legez: "Zortea izan nuen. Soldadutza "murriztua" izan nuen, kirolaria nintzelako, neuk eta Bergarako Txomin Garitanok; pilotari ona zen hura... Goizean bederatzietarako izan behar genuen kuartelean; etxean lo egin eta bizikletan joaten ginen. Besteak bazkaltzera joaten zirenean ere gu libre eta entrenatzera eta gero etxera. Hala egunero".

Soldadutzatik bueltan lanean hasi zen kamioi batekin, etxean laguntze aldera. Ez zuen jarraitu ziklokrosean eta pena horrekin geratu zen.

Errepidean ere ibili zen Fernandez de Arroiabe, inguruan jokatutako hainbat lasterketatan; Arantzazuko igoera batean, esaterako, zortzigarren geratu zen.

Matxain, Eskoriatzan lasterketa baten parte hartu ostean. Argazkia: Eskoriatza iruditan.

Plater-tiraketan sari asko jasotakoa

Ehizan ibilitakoa, eskopetarekin abilidade handia zuen eta plater-tiraketan zaletu zen. Espainiako txapeldun izan zen eta Errusian, 1980an, mundu mailako txapelketan egoteko aukera izan zuen. Espainiako taldearekin jokatu zuen Moskun, eta zilarrezko domina eskuratu zuten; Matxain bera, ostera, hirugarren geratu zen. Hurrengo urtean Bartzelonan jokatutako Europako txapelketan ere izan zen. 

Maulandako tabernan gorde izan ditu beti han eta hemen lortutako dominak eta garaikurrak. 

Omenaldia Aramaion 2010ean

Kirol ibilbide luzeari dagokion aitortza egin zioten Aramaioko plater-tiro elkarteko lagunek 2010eko irailean. Izan ere, askoren irakasle izan zen. Hunkituta agertu zen orduan: ''Lagun on asko ditudan seinale da. Jende askoren artean nago gaur eta hori oso ederra da. Egia esateko, hemen beti izan dugu giro ona''.

Hileta egubakoitzean, Eskoriatzan

Haren aldeko hileta elizkizuna Eskoriatzako San Pedro parrokian izango da egubakoitzean, hilaren 8an, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak