Musikak izango du protagonismo handien gaurko hitzordutik hasi eta urtea bukatu aurretik Eskoriatzan izango direnetan. Gaur, esaterako, ez da musika zuzenean entzuteko aukera izango, baina Enrique Villarreal El Drogas musikari nafarrari buruzko dokumentala izango da ikusgai Zaldibarren. Hala, Barricada rock taldean egindako 30 urteen gaineko errepasoa ezagutu ahal izango dute bertaratzen direnek. 19:00etan izango da proiekzioa, eta dokumentala ikusi nahi dutenek gonbidapena eska dezakete; Whatsappez (650 49 51 66) eskatu beharko dira sarrerak. Banatzen ez dituzten gonbidapenak, berriz, leihatilan jarriko dituzte salgai, dokumentala hasi baino ordu erdi lehenago.
Musika bandaren saioa
Zapatuan, aldiz, musika eskolako bandak kontzertua eskainiko du Manuel Muñoz kiroldegian, 19:30ean. Kasu horretan ere, gonbidapena beharko da hitzordura joateko. Horretarako, hain zuzen, musika eskolara joan edo telefonoz deitu beharko da, gonbidapenak eskuratzeko. Besteak beste, Highlights from Harry Potter, Return of the Crusaders eta Shut up and dance piezak entzuteko aukera izango da.
Pauline & Juliette
Gaurko eta biharko saio hauekin batera, martitzenean, Iparraldetik etorritako Pauline & Juliette musikari gazteek musika emanaldi goxoa eskainiko dute Zaldibar antzokian. Bi artistek Veloma lan berriko kantak aurkeztuko dituzte.
Xabier Lete gogoan
Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrena gogoratzeko emanaldia eskainiko du Jon Sarasuak. Leteren ibilbidearen interpretazio pertsonal bat taularatuko du, Leteren kantagintza laburbiltzen duten hamabi kanta interpretatuz. Hitza eta kantua nahastuko ditu, gitarrarekin eta pianoarekin jantzita.
Egitaraua Gabonetako kultura egitarauko hitzorduetara joan nahi duenak gonbidapena eskatu beharko du, Whatsappez: 650 49 51 66. Banatzen ez diren gonbidapenak, aldiz, leihatilan jarriko dira salgai, emanaldia hasi aurretik. Abenduak 18 • 'El Drogas' dokumentala 19:00etan, Zaldibar antzokian. Abenduak 19 • Musika eskolako bandaren Gabonetako kontzertua 19:30ean, Manuel Muñoz kiroldegian. Abenduak 22 • Pauline & Juliette musikari gazteen kontzertua 19:00etan, Zaldibar antzokian. Abenduak 26 • Xabier Leteren heriotzaren X. urteurreneko kontzertua 19:00etan, Zaldibar antzokian Abenduak 28 • Tor magoa 18:30ean, Zaldibar antzokian. Urtarrilak 3 • Ganbara abesbatza 19:00etan, Manuel Muñoz kiroldegian. |