Olentzero eta Mari Domingi Ibarraundin, euskal mitologiako pertsonaia ugari lagun dituztela

Imanol Beloki Unamuno 2020ko abe. 10a, 11:06
Ibarraundi museoan jarritako erakusketaren txoko bat. Argazkia: Ibarraundi museoa

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi ez dira urtero moduan kalez kale ibiliko, eta laguntzaileek ez dituzte goizean eskutitzak jasoko Fernando Eskoriatza plazan. Baina, Ibarraundi museoa Olentzeroren etxe bihurtuko dute abenduaren erdialdetik aurrera. Bertan, ikatza egiteko txondorra egongo da, Mari Domingiren ortua, eta eurekin batera euskal mitologiako beste pertsonaia batzuk ezagutzeko aukera ere egongo da: Basajaun, galtzagorriak, Tartalo, Anbotoko Mari…

Abenduaren 14tik aurrera, Ibarraundi museoa eta ingurua Olentzeroren eta Mari Domingiren bizitoki bihurtuko da. Urtero, plazan jartzen den Olentzeroren etxea museo kanpoan jarri dute dagoeneko, ikatza egiteko txondorra ere jarri dute, eta Mari Domingiren ortua ere ezarriko da. Horrekin batera, euskal mitologiako pertsonai batzuk gehiago ezagutzeko erakusketa ere jarriko da ikusgai museoan.

Museoko bisitak

Abenduaren 14tik 18ra bitartean herriko ikastetxeetako haurrek goizez egingo dituzte bisitak Ibarraundi museoan. Arratsaldetan eta asteburuan ere ikusi ahal izango da, baina horretarako beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea. Hauek dira bisita egiteko egunak eta orduak:

  • Abenduak 14 – 18:   15:00 – 19:00
  • Abenduak 19 – 23:   10:00 – 13:00 // 15:00 – 19:00

Hitzordua hartzeko kultura@eskoriatza.eus helbidera idatzi, 943 71 46 88 telefono zenbakira deitu, edo 650 49 51 66 zenbakira whatsapp-a biodali beharko da. Bisita bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du eta gehienez sei lagunek egin dezakete batera. Haurrak, derrigorrez heldu batekin joan beharko dira eta eskatzen da, ahal dela, haurrentzako karrotxorik ez eramatea.

Bestalde, sarreran saski bat jarriko da Olentzerori zuzendutako gutunak uzteko.

Erakusketari testuinguru mitologikoa ematen dion ipuina

Horretaz gain, Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak ipuin bat idatzi du, erakusketari testuinguru mitologikoa ematen diona. Aspaldiko garaiez hitz egiten du ipuinak, basoetako lehen biztanleak erraldoiak zirenekoa, lurrerainoko ilea zuten erraldoiak hain zuzen, gainera jentilak, basajaunak, basandereak, Anbotoko dama, galtzagorriak ere agertzen dira ipuinean, eta nola ez Olentzeroren jatorriaz hitz egiten du.

Ipuina hemen deskargatu daiteke (pdf) eta laster  audioa duen bertsioa izango dutela jakinarazi dute Udaletik. Bestalde, liburutegian ipuinaren hainbat ale daudela inprimatuta gainerazi gura izan dute, maileguan hartu nahi badu norbaitek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak