Uritz Arenaza: "Artikulazioko minekin jarraitzen dut eta ez dut lehengo oroimen bera"

Oihana Elortza 2020ko abe. 6a, 18:14

Uritz Arenaza eskoriatzarra

Martxoaren erdialdean hasi zen COVID 19-aren sintomekin, kalenturarekin eta sekulako buruko minekin, Uritz Arenaza eskoriatzarra eta harrez gero ez da lehengo pertsona bera. Dio sintomekin jarraitzen duela: "Gauzak ahaztu egiten zaizkit, askotan ez dut indarrik izaten eguneroko gauzak egiteko eta artikulazioak gogortuta sentitzen ditut".

Ospitalean ingresatu zuten Uritz Arenaza martxoan eta handik etxera bidali zutenean gela barruan egon zen hainbat egunetan; hilabete egon zen alabak ondoan izan barik. "Hainbat proba egin dizkidate harrez gero, denetan eman dut negatibo, garbi. Baina ni ez nago ondo. Gorputzeko artikulazioak gogortu egiten zaizkit, Bolibarrera oinez heltzea asko da niretako adibidez, ezin dut beti egin hori. Eta 43 urte ditut. Nekatuta sentitzen naiz, oso nekatuta. Eta oroimena ere ez da lehengoa; orain ahaztu egiten zaizkit gauza asko, ohiko enkarguak edo zereginak egiteko apuntatu egin behar izaten ditut, edo alarma jarri, adibidez. Egunerokoan laguntza behar dut", dio eskoriatzarrak.

Espezialista batekin baino gehiagorekin egon da eta jarraipena egiten ari dira gaixotasunari: "Familia-medikuari eskerrak baino ez dizkiot eman behar, ez duelako inoiz zalantzan jarri gertatzen ari zaidana. Neumologoarekin, neurologarekin eta beste espezialista batzuekin ere egon naiz eta jarraitzen dut baina momentuz parazetamola hartzea nire eguneroko bizitzaren parte da. Buruko mina gutxitan izaten dut, baina gorputza jota sentitzen dut".

GOIENAren bitartez ezagutu zuen bere antzerako egoera pasa duen Bergarako herritar bat, eta haren bitartez heldu da Covid Persistente taldera. "Nire egoera partekatzeko eta bakarrik ez nagoela sentitzeko aukera eman dit talde horrek. Niri oso lagungarria egin zait eta nire egoeran dagoenari taldea ezagutzeko aholkua emango nioke, covidpersistente.euskalherria@gmail.com helbidera mezua bidalita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak