Honakoa esanaz arrazoitu du Udalak emanaldia bertan behera uztea: "Pena handiz iragarri beharra daukagu azaroaren 21ean egitekoa zen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia bertan behera geratu dela. Ikuskizuna egiteko segurtasun baldintzak betetzeko helburuarekin sarrera zenbakituak saltzeko sistema jarri genuen martxan, baina uste baino sarrera gutxiago saldu dira (90 inguru). Udalak ulertu du herritarrek interakzio soziala ekiditeko borondatea adierazi dutela, eta hori adierazten duten herritarren ekarpenak ere jaso ditugu. Horiek horrela, momentu honetan emanaldia bertan behera uztea erabaki da."
Ahal denean egiteko konpromisoa
Udalak, dena den, jakin badaki Eskoriatzan azkeneko urteetan Euskal Herriko pailazo ezagunenen azaroko emanaldia tradizio bihurtu dela, eta estimu handikoa dela herritarren artean eta baita inguruko herrietako familien artean ere. Beraz, konpromisoa hartzen du egoerak hobera egiten duenean emanaldia antolatzeko.
Dirua itzultzea
Dagoeneko sarrera erosi dutenei eskerrak eman nahi dizkie Udalak kultura emanaldi honetarako agertutako interesagatik. "Sarrera erositakoan datuak batu genituenez, aste honetan zehar zuzenean jarriko gara harremanetan bakoitzarekin eta dirua itzultzeko prozedura martxan jarriko da".
Eskerrak laguntza eskaini dutenei
"Eskerrik asko Arizmendi ikastolako Jose Arana guneko gurasoei emanaldi hau antolatzeko laguntza emateagatik eta antolaketa lanetan bidelagun izateagatik. Epe motzean, berriro, elkarrekin emanaldia antolatu ahal izatea nahiko genuke", adierazi dute Udaletik.