Oihana Aranak lehen liburua aurkeztuko du

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 7a, 11:31

Oihana Arana eskoriatzarra, liburua eskuetan duela, bibliotekan.

Eskoriatzarrak Portuak lehenengo liburuaren aurkezpena egingo du azaroaren 13an, Zaldibar antzokian. Harremanei buruzko nerabeentzako eleberria da, eta lana argitaratu arteko gorabeherak eskainiko die bertaratzen direnei.

Oihana Arana eskoriatzarrak Portuak izeneko bere lehen liburuaren berri emango du Zaldibar antzokian, azaroaren 13an, 19:00etan. Aranak Irati Areitio protagonista duen Portuak nerabeentzako liburua uztailean argitaratu zuen, eta orain, herritarren aurrean aurkeztera animatuko da.

Harremanei buruzko nerabeentzako eleberria da Aranak idatzi duena, eta, hala, datorren egubakoitzean Zaldibar antzokian batzen direnen artean, nork animatuta eta lagunduta idatzi duen liburua, sortze-prozesuaz, kolaborazioez eta beste zenbait konturen gainean arituko da eskoriatzar gaztea oholtza gainean.

Ipuin kontaketak alde batera

"Bizi dugun egoerak uzten badigu, aurrera egingo dugu Aranaren Portuak liburuaren aurkezpenarekin. Antzokian egingo dugu, edukiera aldetik liburutegia txiki geratzen zaigulako", adierazi du Iñaki Agiriano Eskoriatzako bibliotekako arduradunak. Horrekin batera, gaineratu du ipuin kontaketak ez dituztela momentuz antolatuko. "Ines Bengoaren kontaketa bertan behera uztea erabaki genuen, eta, horrekin batera, ikastetxeetako haurrekin prestatzekoak ginen hitzordu bat ere bertan behera utzi dugu. Hala, bestelako ekitaldiren bat egitea ez dugu baztertzen, baina une honetan ez ditugu ipuin kontaketak antolatuko".

Aparteko solasaldi literarioak

Literatura Solasaldiekin, berriz, urriaren erdialdera hasi ziren, eta aurreikusita dituzten solasaldi guztiak gauzatzea espero dute. Partaideak "oso pozik" ari direla azpimarratu du Agirianok: "Kultura etxeko areto handian batzen gara, eta bertan jarraitzea da asmoa. Ezin badugu, telematikoki egitera pasako gara, baina edukiera aldetik ez dugu arazorik. Solasaldietan disfrutatzen ari gara partaide guztiak; euskarazko taldean 14-15 pertsona inguru batzen gara eta gaztelerazkoan, aldiz, 11-12 artean; beraz, ederto. Ea horrela jarraitzen dugun…".

Bibliotekara animatuz

Bibliotekak dituen herritarren joan-etorrien mugimendua asko jaitsi den arren, bibliotekak leku seguruak direla nabarmendu gura izan du Agirianok. "Eskoriatzan nabarmen jaitsi da bibliotekako mugimendua; batez ere, haurren partetik. Helduak, berriz, gehiago datoz liburuak maileguan hartzera. Hala ere, bibliotekak leku seguruak direla esan nahiko nieke herritarrei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak