Urriaren 28an, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egindako Euskal Soziolinguistika Jardunaldietan, gazteen hizkuntza errealitateari buruzko hainbat ikerketa, proiektu eta esku hartzeren emaitzak eta ondorioak aurkeztu zituzten bertan izan ziren hizlariek. Horietako baten parte izan da Iñigo Beitia ikerlari eskoriatzarra, eta bere lantaldeko kideek Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia izenburupean aurkeztu zuten egindako txostenean jasotakoa. Hain zuzen ere, nerabeen eta gazteen hizkuntza errealitatea landu dute, eta zenbait ondorio atera dituzte egindako lanketatik.
Zein izan da gauzatu duzuen ikerketaren funtsa?
Gazteek euskararekin duten lotura eta harremana aztertzeko xedea du egitasmoak, eta harreman horretara hurbiltzeko hizkuntza praktiketan jarri dugu arreta, eta erabileran eragiten duten faktore kualitatiboak ezagutu guran aritu gara. Euskararen biziberritze prozesua bideratzeko rol garrantzitsua jokatzen dute gazteek eta nerabeek, eta, hain zuzen, horiek ezagutzea estrategikoa da.
Gazteen euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak izan dituzue aztergai; zein pauso jarraitu dituzue ikerketarako?
Helburuen artean, gazteei askatasuna ematea ere izan dugu ardatz. Hau da, nolabait, gazteengana hurbildu gara, euren iritziak eta esperientziak kontuan izanez, euretaz hitz egin barik. Bide horretan, hiru ardatzek gidatu dute informazioaren bilketa eta analisia: hizkuntza ideologiak, hizkuntza guneak eta hizkuntza bizipenak. Ardatz horien ikuspegia bateratzeak aukera eman du gazteen errealitatea sakonago ezagutzeko eta hizkuntza praktiken gakoak hobeto ulertzeko. Lau herritan garatu da ikerketa, eta herri bakoitzeko errealitatea ezagutu gura izan dugu gazteen ikuspegitik. Gernikan, AmorebietaEtxanon, Zumaian eta Pasai Donibanen datuak bildu genituen, eta herri guztietan behaketa saioak, elkarrizketak, talde elkarrizketak, ibilbideak eta egunerokoak kudeatu ditugu, eta 55 lagunekin bildu eta hitz egin dugu.
Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia izenpean egin duzue lana. Ondorio nagusirik atera duzue?
Ondorioak ez dira itxiak, ez dago formularik. Herri bakoitzak bere errealitatea du, eta, elementu batzuk errepikatzen diren arren, berezitasunak ere badaude, kontuan hartu behar direnak. Hala ere, gogoeta egiten jarraitzeko ildoak bildu ditugu. Ideologia, hizkuntzaren praktika eta bizipenak kontuan izanda, hiru esparru hauetan zentratu gara. Ondorio bati erreparatuz, hizkuntza politikaren eta hizkuntza plangintzaren inguruan espresuki galdetuta, ez dute erantzunik. Oro har, herrian hizkuntzarekin lotuta antolatzen diren ekimenen berri badute, baina ez dute parte hartzen: edo bai, baina kontsumitzaile gisa, eta, gehienbat, ekimenek jai edo ospakizun itxura hartzen badute. Euskalgintza oso urruti ikusten dute gazte gehienek, oro har, eta aurreiritziak ere badituzte helduleku nagusi, edo horietan oinarritzen dira.
Azterketa sakona egiteaz batera, proposamenak ere egin dituzue ikerketa honetan, ezta?
Gazteek euskara familiarekin eta eskolarekin lotzen dute, eta horiek gazteentzat ez direla esparru garrantzitsuenak jabetu gara. Zentzu horretan, eta, betiere belaunaldi berrien beharrak aintzat hartuta, eskola eta familia esparruetatik kanpo dauden hutsuneak betetzea proposatu dugu ikerketan, horretarako, euskararen gainean hitz egiteko babes-guneak sortuz.