Astero ordubetez, lagun giroan, euskaraz hitz egiteko elkartzen diren Berbalagunak taldeko kideek hasi dute ikasturte berria. Berrikuntza txiki batzuk egin arren, euskaraz hitz egiteko gogo biziz hasi dutela adierazi du Iratxe Arrese Berbalagunak taldeetako koordinatzaileak. Gaineratu du aurten jende berria batu dela egitasmora.
"COVID-19ak eragindako neurriak direla-eta moldaketa txikiren bat egin behar izan dugu, eta, agian, egin beharko ditugu, baina iaz moduan jarraitzen dugu, oraingoz. Eskoriatzan hiru talde ditugu: Kafe taldea deitzen dioguna, 09:00etatik 10:00etara bitartean eguaztenetan batzen garena. Eguenetan izaten dugun Pintxo-pote taldea zena orain Terraza taldea bihurtu da. Eta, azkenik, Egubakoitzeko taldea, elkarte gastronomiko ezberdinetan batzen garena. Kasu horretan, agian, aldatu egin beharko dugu, ixten badituzte…", adierazi du Arresek.
Berbalagunetan parte hartzeko
Euskara bizitzeko, hobetzeko, erabiltzeko eta gozatzeko aukera eskaintzen duen Berbalagunen taldeetan izen-ematea zabalik dago. Astean ordubeteko saioak dira, norberaren beharretara egokitutakoak. Hain zuzen ere, berbalagunak@gmail.com helbide elektronikora idatzita, 661 74 63 76 zenbakira telefonoz deituta edo bertara whatsapp-a idatzita egin daiteke.
Auzoko egitasmoa
Zubi bat euskaratik lelopean hasi dute ikasturtea, bestalde, Auzokon. Euskaraz aritzeko asmoz, hasi dira auzotarrak eta auzokideak elkartzen. Martitzenetan 10:00etatik 11:00etara bitartean eta eguenetan 17:30etik 18:30era bitartean batzen dira. "Auzokon ez dugu aldaketa handirik izan iaztik hona. hamar lagun baino gutxiago batzen gara, baina sei pertsona baino gehiago. Horrenbestez, datorren astera begira, zerbait pentsatu beharko dugu.