Euskal Kopako fasea Manuel Muñozen jokatzearekin, areto futbol sailaren 25. urteurren ospakizunari hasiera eman gura izan diote Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek, baina ez dute baztertzen urtean zehar beste zenbait ekitaldi ere egitea, nahiz eta COVID-19ak baldintzatuta neurri zorrotzak hartu beharko dituzten. Horren harira, kiroldegiko edukiera mugatua izanda, joan den asteburuko partiduak kirol elkartearen Youtube kanaletik jarraitzeko aukera izan zen.
Lehen urteak gogoan
Gaur egun areto futbol sailak duen egitura sortu arte, lana gogor egin zuten kirol elkarteko zenbait lagunek. Izan ere, Narciso Pavok Manuel Muñoz kirol elkarteko presidente zenarekin ekarri zuen areto futbola Eskoriatzara, eta, urte hauetan, talde bakarra izatetik klubaren etorkizuna ziurtatzen duen egitura sendoa izatera pasatu da kluba, eta baita areto futbol saila ere. Narciso Pavok, garai haiek oso gogoan, hunkituta gogoratzen ditu hasierako urteak: "Manuel Muñoz kirol elkarteko presidente zenak beti esaten zidan areto futbol taldea osatu behar genuela Eskoriatzan, behin eta berriz. Ni garai hartan Arrasate areto futbol taldean nengoen, eta, aukera sortu zenean, Eskoriatzara ekarri genuen taldea 1995. urtean. Gero, herriko jokalariekin areto futbol talde bakarra sortu genuen, eta ordutik, gaur arte…".
NARCISO PAVO. ESKORIATZA ARETO FUTBOL SAILAREN SORTZAILEA: "ARETO FUTBOL SAILEAN LAN ASKO EGIN DA GAUR ARTE, ETA SEGIDA IZATEA ZORAGARRIA DA"
JAVI CORBAL. ESKORIATZA KIROL ELKARTEKO PRESIDENTEA: "URTEURREN OSPAKIZUNERA BEGIRA EZIN DA ASKORIK EGIN, BAINA SAIATUKO GARA"
Areto futbola, indarra hartzen
Gaur egun, gizonezkoek osatzen duten zenbait mailatako taldeak daude Eskoriatzan, eta baita 2015ean sortutako emakumezko taldea ere; kirol horretako emakumezkoen Debagoieneko lehen taldea izan zen. Gainera, txikitatik areto futbolera zaletzeko eskola ere martxan da duela bederatzi urtetik; etorkizuna ziurtatzeko bereziki horretan ari dira indarra jartzen ari dira kirol elkarteko kideak.
Maila nazionalera igoerak
Eskoriatza areto futbol taldea sortu, eta apurka-apurka mailaz igotzen joan zen. Hala, taldea sortu eta bederatzi urtera, maila nazionalera igotzea lortu zuten, 2004-2005 denboraldian. 2019an, berriz, 14 urteren ostean, Iker Molinak zuzendutako taldeak ere maila nazionalera igotzea lortu zuen, eta gaur egun, maila horretan ari da gizonezkoen lehenengo taldea.
Kirol Elkartearen Eguna
Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguna maiatzeko azken asteburuan ospatzen da, baina, aurten ezin izan dutenez behar den moduan ospatu, areto futbol jardunaldiak antolatu gura dituzte nazioarteko areto futbol entrenatzaileen elkartearekin lankidetzan (ANEFS), Gabonetarako. Hala, Jesus Candelas eta Eduardo Garcia Belda Miki mundu mailan izen handiko entrenatzaileak ekarri nahi dituzte –data zehazteko dago–.