Harri-lubeta jartzen ari dira kanposantu alboan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 18a, 09:33

Marin elizateko lanak egiten.

Eskoriatzako Marin elizatean duela hiru urte izandako euriteek lur-jausia eragin zuten kanposantura bidean. Kalte handiagorik ez sortzeko abuztuaren amaieran hasi zituzten harri-lubeta egiteko lanak, eta luze joko dutela adierazi dute.

Eskoriatzako Marin elizatean, Santa Magdalena eliza pasata, kanposantura bidean lur-jausia izan zen, eta azpiko errepidera lurra eta harriak jausi ziren, duela hiru urte izandako euriteen ondorioz. Ordutik, hala-moduz pasa izan dira beheko errepidetik gora baserriak dituzten bizilagunak. Hala ere, luiziak errepide osoa ez estaltzeko eta arriskua ez areagotzeko lanak abuztuaren 31n hasi ziren, eta egunotan harriz betetako kamioikadak eramaten ari dira harri-lubeta eraikitzeko. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete iraungo dutela lanek adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.

Lanak, GFAk eta Udalak

Marin elizateko bideko lanen aurrekontua, hau da, proiektua egitea, lanak gauzatzea eta horien zuzendaritza 57.000 euro ingurukoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erdia ordainduko du eta Eskoriatzako Udalak beste erdia. Hala ere, EKIN enpresak gauzatuko dituen lanek luze joko dutela adierazi du Iñaki Kerexeta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaileak. "Duela hiru negu euri asko egin zuen eta lur-jausia izan zen. Eremua konpontzeko dirulaguntza bat lortu genuen Foru Aldunditik, eta, Eskoriatzako Udaletik ere lagunduta, martxan dira lanak. Dena ondatu baino lehen egin beharreko lanak ziren, eta denbora luzez iraungo dute", adierazi du Iñaki Kerexetak.

Harri-lubeta egiteko lanetan.

Bizilagunen bide bakarra

Luizia gertatu den eremutik gora 8-10 baserri inguru daude, eta euren etxeetara joateko bide bakarra da. Hiru urte hauetan tentsioan pasa dutela errepide zati hori adierazi dute auzotarrek, eta egoera horri irtenbidea emateko ordua zela adierazi du Irantzu Azkona Maringo auzo-alkateak: "Luizia gertatu zenetik gaur arte, euri asko egiten zuenean beherantz egiten zuen lurrak, eta auzotarrak zenbaitetan aritu dira pasagunea garbitzen. Arrisku handia izan dugu, eta eskerrak azken neguak ez direla gogorrak izan…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak