Bidaietako esperientziak jendaurrean kontatzen

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 9a, 12:02

Xabi Arkauz eta Maite Santamaria, Moskuko San Basilio katedralean.

Errusiako San Petersburgo eta Mosku hirien eta AEBetako parke nazionalen gainean gehiago jakiteko aukera izango da Eskoriatzan izango den Ostegun Bidaiarietan. Lehenengo kontakizuna irailaren 17an izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian

Barnealdean, mendialdean, kostaldean edo basamortuan egindakoak; uda aldera edo neguan egindakoak; bidaia exotikoak; munduaren beste puntara kirola egitera joandakoenak… mota guztietako aurkezpenak izan dira azken urteotan, Eskoriatzako Ostegun Bidaiariak egitasmoaren sei edizioetan. Hala, aurten ere ez dute hutsik egingo herriko zenbait lagunek egindako bidaien kontakizunek, eta horiek entzuteko aukera izango da Zaldibar antzokian.

Kontakizuna egiten duenak erabakitzen du zein modutara egin aurkezpena. Hau da, batzuek ikus-entzunezko bat erabiliz egiten dute; beste batzuek, aldiz, argazkiak jarriz; eta egin izan dute zenbaitek oholtzara igo eta, soilik, hitzen bidez bidaia kontatu. Esperientzia bat ezagutzeaz batera, bertaratutakoekin interakzioa ere bilatzen da, eta, horretarako, beti izaten da galderen gaineko tartea. Saioaren amaieran edo saio osoan zehar izan ohi dena.

Errusiara bidaia

Lehenengo bidaiaren kontakizuneko protagonistak Maite Santamaria eta Xabier Arkauz eskoriatzarrak izango dira. Irailaren 17an, 19:00etan, hasiko dira, Zaldibar antzokian, iaz egin zuten bidaia kontatzen. Hain zuzen ere, Errusiako bi hiri nagusi bisitatu zituzten: San Petersburgo eta Mosku. Aurkezpenean zenbait xehetasun emango dituzten arren, honako hau aurreratu gura izan dute: "Hasieran broma bezala hasi zenak… azkenean Errusiara eraman gintuen. Nahiz eta munduko herrialderik handiena izan, bederatzi egun baino ez genituen pasatu bertan San Petersburgo eta Mosku ezagutzen. Udako oporrak San Petersburgon hasi genituen, europar ukitua duen hirian. Ia 90 urte atzera eraman gintuen bidaian murgildu ostean, Moskura heldu ginen, antzinako sobietar hiriburura. Bertan, errusiar kultura ezagutzeko aukera izan genuen, komunismo garaira eraman gintuzten txokoetan murgilduz".

AEBetako parke nazionalak

Hurrengo hitzordua irailaren 24an izango da, ordu eta leku berean. Orduan, baina, Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Eguino eskoriatzarrek AEBetan egin zuten oporraldia kontatuko dute jendaurrean. "Ameriketako Estatu Batuak entzun eta etxe-orratzak edo hiri erraldoiak datozkigu burura, baina bidaia hartan, batez ere, mendebaleko parke nazionalak ezagutu genituen: munduko parke nazional zaharrena den Yellowstone; Arizona estatuan Colorado ibaiak zulatutako Arroila Handia (Grand Canyon); Yosemite, milaka urte dituzten sekuoiak dituena… Guztira, bederatzi estatu zeharkatu genituen, Montanako Bozeman hirian hasi eta San Frantziskora heldu arte".

Hirugarren bidaia baten gainekoa egiteko asmoa ere badu Eskoriatzako Kultura Sailak, eta, izatekotan, urriaren 1ean izango litzateke.

Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Eguino Coloradoko Arroila Handian (Grand Canyon).

Zaldibar antzokiko neurriak

Zaldibar antzokian egindako azkeneko emanaldia martxoaren 6an izan zen, Nhil taldearen aurkezpen kontzertua. Ordutik ez da ekitaldirik izan bertan, eta, protokoloa diseinatuta, zenbait neurri hartu dira aretoan segurtasuna bermatzeko: aldez aurreko salmenta sustatuko dute ekitaldiren bat balego. Bi ate izanda, sarrerarako eta irteerarako desberdina ezarriko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko. Antzokiaren edukiera 137 pertsonakoa da, normalean, baina, %60koa ezarrita, 82 pertsona sar daitezke. Butakak, berriz, zenbakituta daude, eta nahiz eta distantzia soziala mantentzeko jarleku batetik bestera tartea egongo den –1,5 metro–, batzuk elkarren ondoan egongo dira bizikidetza unitateentzat, adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.

Zaldibar antzokiko oholtzatik edukiera berriaren gaineko argazkia.

Zaldibar antzokiko goiko solairuko eserleku batzuetan debekatuta egongo da esertzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak