Eskoriatzako ikastetxeetara itzulera, protokoloa jarraituta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 4a, 10:23

Gel hidroalkoholikoak ikasleen mahaietan, irakaslea atzean dagoela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturte hasierarako ezarritako protokoloa eta neurriak betez emango diote hasiera Eskoriatzako ikastetxeek hasiera 2020-2021 ikasturteari. Hala ere, ezjakintasuna ere bada ikastetxeen bueltan.

COVID-19ak baldintzatuta, ezohiko moduan ekingo diote ikasturteari Eskoriatzako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek, Euskal Herriko gainontzeko ikastetxe guztietan moduan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturte hasierarako ezarritako protokoloa eta neurriak betez, ikastetxeetara buelta zaila izango dute, eta normalitate berria deritzona ez dela hain normala argudiatu dute Eskoriatzako ikastetxeetako ordezkariek.

Ordutegian aldaketa batzuk

Luis Ezeiza Herri Eskolakoek irailaren 9an, eguaztenean, emango diote hasiera ikasturteari, eta ordurako prest dituzte gela guztietan hidrogela, alkohola eta pedal-tapadun zakarrontziak maskarak eta mukizapiak botatzeko. Ikasleen eskolarako sarrerak eta irteerak, berriz, mailakatu egin dira, beste ikastetxe guztietan moduan, pilaketak saihesteko, eta ordutegiak hauek izango dira: HHko ikasleengan ez da aldaketarik ezarri. Hauek 09:00etan sartu eta 12:15ean irtengo dira eta arratsaldeetan 14:15ean sartu eta 16:15ean irten. LHn, 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleak 09:00etan sartuko dira ikasgeletara, eta 12:30ean irten; arratsaldean, aldiz –hemen izango dute ordutegian aldaketa–, 14:00etan sartu eta 16:00etan irten. 5. eta 6.mailetakoek, berriz, goizetan izango dute aldaketa: 09:15ean sartuko dira, eta 12:45ean irten; arratsaldez, 14:15ean sartu eta 16:15ean irten.

Ikasgeletara buelta zainduz

Hala ere, eskolako lehenengo hiru egunetan ikasleak iazko geletan eta, ahal den neurrian, iazko irakaslearekin egongo direla adierazi du Maitane Gomez de Segura Luis Ezeizako irakasleak: "Martxoaren 13tik aurrerakoa gogoratzeko, gelari agurra egiteko, emozioen lanketarekin hasteko... Irailaren 14tik aurrera, berriz, 0 unitatea deritzoguna jarriko dugu martxan, eta bertan, talde kohesioari eta adimen emozionalari erreparatuko zaio: nola sentitzen diren, zeintzuk diren gertatzen ari denaren inguruko zalantzak, beldurrak...".

Neurriak jarri dituzte ikastetxera sartzeko orduan.

Sintomak izanez gero...

Ikastetxeko sarreretan tenperatura hartuko zaie ikasle guztiei. Gaitzaren sintomak antzemanez gero –sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna…–, isolamendu-gunera eramango dute. Ikaslea bada, eskola familiarekin harremanetan jarriko da, etxera eramateko. Eskolak Prebentzio Zerbitzuko arlo medikoari jakinaraziko dio eta familia bere osasun zentroarekin harremanetan jarriko da, haren jarraibideak betetzeko. Irakaslea bada, isolamenduan jarriko da –maskara jantzita– eta etxera joango da.

Tenperatura hartzen.

Ikasturtera begira, printzipioak

Arizmendik ere dena prest du ikasturteari hasiera emateko, eta 2020-2021 ikasturtearen hasiera eta perspektibaren bueltan honako hau adierazi dute ordezkariek: "Pandemiak gure izaera ahula erraz agerian uzten du. Beraz, umiltasuna gure jarrera konstantea izan behar da. Baina jokabidean ezin gintezke beldurti izan, zuhurrak baizik. Bestalde, argi dago pandemiak ekonomian eta enpleguan ekarri duen kalapita ez dadin berriro suertatu, agintariek hobeto zaindu behar izango dutela ustekabean sor litekeen kutsatzea, egitura ekonomikoa eta soziala lurra jotzetik libratzeko. Horrek, antza, ekar dezake etxeratze totala ekiditea eta selektiboagoa izatea. Edonola ere, aurreko hilabete hauetan zehar gure bizitza baldintzatu duten bi faktore nagusik geroan nola jokatu duten ez dakigu. Lehenik, COVID-19 delakoaren kutsatze eboluzioa nolakoa izango den inork ez daki. Eta segidan esan beharra dago eboluzio horrek botere publikoa kudeatzen dutenen aldetik eragingo duen erabaki hartzea ezin dugu aurreikusi".

Ikasturtea enfokatzeko printzipioak eta jarraibide komunak ere ezarri gura izan dituzte Arizmendin, eta zuzendaritzatik honako hauek azpimarratu dituzte: apaltasuna eta irtenbidean lankidetza; Konfiantzaren Pedagogia egoera honetara ekartzea; aniztasunari neurri askotarikoak, doituak eta malguak; jarraibide komunak eta tokian tokikoak sistematizatzea; ikastola barruko kontratu soziala berrestea; jarraibide komunak Arizmendi osoan aplikatzea; eta jarraibide komunak tokian tokiko gunearen errealitateari egokitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak