Eskoriatzako Bolibar elizatean dago Atxorrotxeko gaztelua. Arabako eta Bizkaiko mugatik oso gertu. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean. Naturari dagokionez, aberastasun handiko parajean dago Erdi Aroko gotorleku izan zena. Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen 2012an.
Gotorlekua
Atxorrotxeko gazteluari buruzko lehenengo erreferentzia XII. mendekoa da. Ordura arte, Gipuzkoa gaztelutik gobernatzen zen. Baina Antso Indartsuak Gipuzkoa bitan banatu zuen eta Alfontso VIII.ak Nafarroako erreinuari eraso egin zion Pancorbotik (Burgos). Ondorioz, Gasteiz setiatu egin zuten, eta Gipuzkoako, Durangaldeko eta Arabako leku defentsiboak okupatu. Horrek guztiorrek oinaztarren eta ganboatarren feudalismoa indartu zuen.
Bestalde, Gaztelako monarka Henrike IV.a erasoetan ibili zen garaian ere aipatzen da Atxorrotxeko gaztelua dokumentuetan. Azken erreferentzia 1463koa da.
Bi mailatan
Kontrolerako ikuspegi ikusgarria eskaintzen duen 750 metroko gailurrean dago gotorlekua. Eraikina bi mailatan egin zuten, defentsarako zuen helburua ahalik eta ondoan bete zezan. Beheko zatian zaintzaileendako bizitokiak zeuden eta goiko zatian –egun ermita dagoen lekuan– uraska eta dorre nagusia. Harkaitzak berezitutako bi zati haietan goikoa zen garrantzitsuena. Gotorlekuaren zatirik nabarmenenak zituena.
Eraikinak bi maila zituen: behekoan zaintzaileendako bizitokiak zeuden
Defentsa-gunera sartzeko bidexka bat dago. Inguruan harkaitz naturalez egindako harresia dauka. Guneari babes handiagoa ematen zion. Bestalde, lekua babesteko egurrezko dorreak egoten ziren, baina Atxorrotxen halakorik egon zen baieztatzeko aztarnarik ez dute topatu.
Hainbat aztarna
Egurrezko dorrearen aztarnarik ez, baina beste hainbat topa-tu dituzte han. Aztarnategiaren gainean dagoen gurutze santuaren ermitaren barruan dauden frantsesezko berbak gerra napoleonikoen garai-koak izan daitezke. Bestalde, I. Karlistaldi garaiko armak aurkitu zituen Gorosabelek 1862an; eta Bolibarko apaiz Cruz Alba-rrategik, armak eta txanponak.
1968 eta 1970. urteen artean gazteluaren mendebaldea eta ekialdea aztertu zituen Ignazio Barandiaranek. Txanponak, armak eta Erdi Aroko eta Aro Garaikideko aztarnak topatu zituen. Eta, 2009a ezkero, Iñaki Sagredoren Larrate taldea dabil arkeologia eta dokumentazio lanak egiten.
Uraska
Iñaki Sagredok eta haren taldeak egiten diharduten lanaren emaitza nagusietako bi uraska eta harresia berreskuratzeko lanak dira. 2011ko kanpainan hasi ziren biekin lanean. 2012an bukatu zituzten lanak gune haietan.
Uraska osoa berreskuratu ostean ikusi zen haitzean landutako zulo perfektua zela. Lau metro luze, 3,30 metro zabal eta altueran 1,50 metro ditu, 20.000 litro inguruko edukierarekin. Uraskaren ondoan –ermita dagoen tokian– gotorlekuaren dorre nagusia egon zen. Han topatu-tako aztarnek diote 1460. urtean konpondu zutela azkeneneko aldiz uraska.
Harresia
Harresia da Atxorrotxeko beste elementu aipagarria. 2011ko eta 2012ko lanak egin ostean, 40 metro harresi berreskuratu ziren. Mendebaldeko horma nahiko suntsituta zegoenez, hango zati bat berregin egin zuten. Hormaren ondoan zorua egin zuten karearekin, Erdi Aroko jatorrizko zoruaren antza izan zezan
2014ko kanpainan, gazteluaren atea egon zitekeen gunea aztertu eta berritu egin zuen Larrate taldeak. 1,6 metroko zabalera zuen sarrera nagusiko ateak.