Apotzagako hilerria, zirkularra eta bisitarien gustukoa

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 15:53

Zirkularra da, 60ko hamarkadakoa, 20 metroko diametroa dauka eta bisitari asko erakartzen ditu.

Eskoriatzako Apotzaga auzora doan bisitaria, hango parajearen edertasunak ez ezik, beste zerbaitek ere liluratuko du: auzoko hilerriak, hain zuzen. Zirkularra da, desberdina, normalean ikusten ez diren horietakoa. “Euskal estiloko kanposantua da. 1965ean eraiki eta 1966ko irailean inauguratu zena”, dio Jose Ramon Beitia auzotarrak.

Apotzagak badu parrokia ere; eder askoa, gainera. Baina hilerria ez dago haren kontra, ohikoa den moduan, auzoko gune bat du beretzat. Garai hartako abadeak egin zuen hilerria. “Anastasio Otaduik egin zuen, Arrasateko Iremendi baserrikoak. Harengatik izan ez balitz, ez zen egingo”, gehitu du Jesus San Vicentek, auzoko alkateak.

Hogei hilobi

Hilerri zirkularrak hogei metroko diametroa dauka eta harrizko harresi batek inguratzen du. Barruan, hogei hilobi. Auzoko baserri bakoitzeko bat; sakristauarendako beste bat; Anastasio Otadui orduko abadearendako beste bat eta hilerria diseinatu zuenarendako azkena: “Arrasateko Goikoetxea batek egin zuen diseinua. Haren hilarrian abizena azaltzen da, eta gainontzekoetan baserri bakoitzaren izena”, dio San Vicentek.

60ko hamarkadakoa

60ko hamarkadan egin zuten hilerria, esan bezala. Eta aipatutakoez gain, baditu beste hainbat elementu bitxi. Esaterako, kateek inguratzen dute hilerria: “Antzinako sukaldeak irudikatzen dituzte”, dio Eneritz Zubiak, Ibarraundi museoko langileak. Ez hori bakarrik, sarrerako atean gero arte bat dago idatzita: “Badirudi barrukoek kan-pokoei esaten dieten zerbait dela”, gaineratu du.

Turisten interesekoa

Egin zenetik, gainera, bisitarien arreta piztu izan du hilerriak. Ondo gogoratzen dituzte turistekin izandako anekdotak Jose Ramon Beitia eta Jesus San Vicente auzotarrek. “Txileko enbaxadorea etorri zen behin. Ez omen zuen halakorik inoiz ikusi”, dio San Vicentek. “Quebeceko familia bati erakutsi nien nik. Harrituta gelditu ziren”, gehitu du Beitiak.

60ko hamarkadan egin zenetik, gura duten apotzagarrek bertan lurperatuak izateko aukera dute: “Lurperatua izan gura duten apotzagar gehienak bertan lurperatzen dira”, dio San Vicente auzoalkateak. Eta gaineratu: “Lehen, gu ibiltzen ginen hilobiak prestatzen eta senitartekoak lurperatzen, baina gaur egun Udalarena da ardura hori”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak