Telesforo Monzon Bergarako politikaria eta haren emazte Maria Josefa Ganuza Eskoriatzako Gaztañadui jauregian ezkondu ziren 1933an. Familia oneko bi kideren arteko ezkontza izan zen, eta halaxe ikusten da, besteak beste, Guregipuzkoa.net webgunean kontsultatu daitezkeen ezkontzako argazkietan. Eskoriatzako San Pedro parrokian izan zen elizkizuna, eta parrokiatik Gaztañadui etxeraino –parez pare daude biak–, alfonbra gorria ipini zuten; ez hori bakarrik: elizkizuna bukatu ostean, dantzari talde ederrak babestu zituen ezkonberriak etxerako bidean. Jauregiko jantokian egin zuten ezkontza eguneko banketea.
Ganuzatarren etxea
Ganuzatarren etxea bezala ezagutzen da gaur egun Gaztañadui etxe-jauregia. XVI. menderako eraikia; izan ere, garai hartakoak dira Eskoriatzako Gaztañadui jauregiko lehen dokumentu idatziak, Francisco Gaztañaduik erosi zuen etxea 1730ean. XIX. mende bukaerarako, gutxienez, ganuzatarrek zuten jabetzan. Familia dirudun baten oporretako etxea zen.
Azken Morroiak
Juan Inazio Armendaritzen (Eskoriatza, 1950) jaiotetxea da Gaztañadui. 14 urte bete zituen arte bizi izan zen han, anaia birekin eta gurasoekin. Gaztañadui jauregiak izan duen azken morroi fami-liako semea da Armendaritz. Haren aitaita-amamek ere han eman zuten bizimodua, morroi. “Gure etxea zen, han bizi ginen. Beheko solairuan bizi ginen gu eta gainontzekoetan egoten ziren ganuzatarrak”. Oso gogoan ditu Armendaritzek urte haiek: “Iñaki Ganuzarena –Maria Josefa Ganuzaren anaia– eta haren familiarena zen orduan Gaztañadui. Monakoko emaku-me batekin ezkondua zen Iñaki, eta, familia Donostian bizi bazen ere, uda pasatzera etortzen ziren Gaztañaduira”, dio.
Balio Historikoa
Gaztañadui jauregiak badu bere balioagatik gaur egunera arte mantendu den elementu bat: jantokiko papera, hain zuzen. “Jantokia papereztatuta zegoen propio bertarako egindako paper berezi batekin. Jantoki osoa hartzen zuen eta ehizako irudi eta egoera batzuk ditu protagonista. Arizmendi Ikastolak zaharberritu egin zituen, eta bertan daude, oso txukun eta ondo mantenduta”, dio Armendaritzek.
Kapera bat ere bazuen etxeak: “Jantoki handiaren ondoan zegoen beste egongela txikiago bat eta han ate bi zeuden. Horiek zabalduta kapera polit bat zegoen”. Han ezkondu zen Maite Ganuza, Iñaki Ganuzaren alaba nagusia. Hori bakarrik ez, Armendaritzek gogoan du bazirela hainbat egurrezko irudi zizelkatuta etxean. “Pertsonen irudiak ziren; esango nuke bat San Pablo zela. Budaren irudi bat ere bazegoen”.