Auzitegiko medikuak adierazi zuen atzo eskoriatzarraren heriotza kausa naturalengatik izan zela, baina Osasun sailak jakinarazi du autopsia egiten dihardutela, oraingoz, COVID-19ren ondorioz hil denik ezin baitute konfirmatu.
Hotela tabernako arduradunak –koronabirusaren PCR proban positibo eman zuen– "atsekabea" adierazi du, 44 urteko eskoriatzarraren heriotza dela-eta: "Harriduraz eta atsekabez jaso dugu albistea. Badirudi zapatu gauean, alabari esan ziola, arnasteko arazoak zituela, baina ospitalera joan beharrean, igandean medikuari deitzeko asmotan geratu zen".
"Jarraipenik ez"
Hotela tabernako arduraduna eta haren bikotekideak eman zuten positibo joan den eguenean eta bizi duten egoeraren berri eman du: "Positibo eman nuela jakin nuenetik ez didate jarraipenik egin, gaur arte. Suposatzen da positibo eman duten herritarrei telefono bidezko jarraipena egin behar zaiela egunero, sintomak dituzten eta nola dauden jakiteko".
Doluminak
Joxerra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak, doluminak adierazi dizkio eskoriatzarraren familiari, atzoko heriotzarengatik.