Larraitz Iparragirre: "Marixolek eta beste presoek etxean beharko lukete"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko uzt. 10a, 16:00

Larraitz Iparragirre, Madrilen, Auzitegi Nazionalaren aurrean, eguenean.

Eguaztenean eta eguenean epaitu dute Madrilen Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961). Lehenengoz, Espainian. ETAko kide izatearren 15 urte egin zituen kartzelan Frantzian. Zigorra beteta, aske utzi beharrean Espainiara eroan zuten, Madrilgo Gobernuaren Euroagindua baliatuta. Kartzelan dago harrezkero. haren ahizpa Laraitzek erantzun ditu galderak Madrildik.

Eguaztenean eta eguenean epaitu dute Madrilen Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961). Lehenengoz, Espainian. ETAko kide izatearren 15 urte egin zituen kartzelan Frantzian. Zigorra beteta, aske utzi beharrean Espainiara eroan zuten, Madrilgo Gobernuaren Euroagindua baliatuta. Kartzelan dago harrezkero.

1995eko auzi bat dela-eta epaiketa hasi da oraingo astean Marixol Iparragirre ahizparen aurka. Zer da leporatzen diotena?

Hori ez da nik erantzuteko galdera. Luciano Cortizoren [Espainiako armadaren komandantea hiltzea egozten dio fiskaltzak auzi horretan] hilketarekin lotutako paper batzuetan Anboto [poliziaren arabera, Marixol Iparragirreren ezizena] hitza agertzen ei zen eta hari horri tiraka epaitzen dute orain.

Nola joan da epaiketa?

Lehen saioan, sei senideri utzi digute epaitegi barrura sartzen. Beste hiru senide kanpoan geratu dira. Akusazio Partikularra daroan AVT elkarteko lau kide ere sartu dira. Kristalez itxitako aretoko albo batean dagoen gelatxo batean sartuta egon da ahizpa eta ez dugu bera ikusteko ia aukerarik izan. Lekuko guztiek bideokonferentzia bidez deklaratu dute. Defentsako abokatuaren galderei erantzun die soilik. ETAko kide izan dela onartu du. Ekintzarekin zerikusirik duenik ukatu du. Agustin Almaraz eta Ibon Etxezarreta presoek Marixol ez dutela ezagutzen eta ez dakitela Anboto nor den testifikatu dute. Ordu eta erdi iraun du saioak.

Non dago une honetan kartzelan eta non egon da bederatzi hilabete hauetan?

Lehenbizi, Soto del Realen; ostean, Brievan, Avilan; eta orain, berriro Soto del Realen.

Frantzian kartzela zigorra bete ostean, Espainiara kartzelara eroan eta epaitzea Espainiako "Estatu aparatuen mendekua" dela diozue. Zergatik?

Une honetan epaitzen ari diren kausagatik, 1995eko kausagatik, Euroagindua 2014an eskatu zuten. Euroagindua urgentziazko prozedura izan ohi denean. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bozeramaile denean eta bakegintzan aritzen diren nazioarteko hainbat aditurekin ari denean harremanetan kartzelan.

"Ikusi besterik ez dago Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre ze egoera ankerrean dauden une honetan"

Diozue Marixolek jarri ziola ahotsa ETAk desegiteko erabakia iragartzen zuen agiriari, eta "ezinbesteko ekarpena" egin duela "Euskal Herria bake bidean" jartzeko.

Ikusi besterik ez dago Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre ze egoera ankerrean dauden une honetan. Biak nabarmendu ziren bakearen alde eta ETAren desegitearen alde lan egitearren. Kasualitatea? Uste dugu ezetz.

Ahizpa aske uztea eskatzen duzue eta diozue munduko hainbat pertsona ospetsuk eskatu duela Iparragirre aske uztea. Nortzuk dira horiek?

Oraindik ezin dugu izenik aipatu. Herrialde ezberdinetakoak dira, guztiak emakumeak.

"Konponbide garaia" dela ere badiozue. Zein izan daiteke konponbidea?

Lehenbizi, mendeku gose hori baztertu eta legea betetzen hastea. Presoak hurbildu... Nire ustez, Marixolek eta gainerako preso guztiek etxean beharko lukete, egin dituzten urrats guztiak kontuan izanda. Ordaindu dute dagokiena. Marixolek 40 urte egin ditu etxetik kanpo; 15 kartzela ezagutu ditu...

Espainiako Gobernuan PSOE eta Podemos daudelarik, gertuago ikusten duzue irtenbidea?

Pentsa genezake baietz, baina ez PSOE eta Podemos Gobernuan egote hutsagatik, baizik eta, gutxiengoan daudenez, beste batzuekin adostasunetara heltzeko premia dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak