Ohiko moduan ez egin arren, egon da ekitaldiren bat edo beste Eskoriatzako San Pedro jaietan. Ikurrinak eta Eskoriatzako banderak leihoetan eta balkoietan jarrita, koloreztatuta egon da herria, eta, horrekin batera, musikak ere izan du protagonismoa. Hori bai, segurtasun neurriak ondo hartutako ekitaldiak izan dira guztiak.
Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak adierazi duenez, ez da jende askorik egon egunotan Eskoriatzan. Hala ere, egin diren ekintza sinbolikoek erantzun ona izan dutela adierazi du: "Zenbait ekintza izan ditugu ezohiko jai hauetan, eta ekintza horietan parte hartu duten taldeak gustura direla esango nuke. Zapatuan, sanpedroak hasi barik zeudela, jende gehiago sumatu nuen San Pedro jaiegunetan baino. Gainera, hainbat herritar kanpoan ere egon dela esango nuke; ez dakit hainbat egunetarako edo egunpasetarako, baina aparkatzerakoan nabaritu da hori".
Ikurrin berria Gernika plazan
Ekainaren 27an, sanpedroak hasi aurretik, ikurrin berria jarri zuten Gernika plazan: "Aro berri honetan herritar guztien batasunaren ikur gisa". Olazar erretiratuen elkarteko bi lagunek eta herriko bi haurrek jarri zuten mastan, eta udal ordezkariak, txistulariak eta dantzariak batu ziren bertan. Joserra Zubizarreta alkateak esan duenez: "Zoritxarreko pandemia honek eragin dituen kalteengatik eta eraman dituen pertsona guztiengatik omenalditxo bat nahi izan genuen egin, eta, ikurrina altxatzeaz batera, idatzitxo bat prestatu genuen udal taldeko kide guztien artean, egun berezi hauetan beraiek ere gogorarazteko".
Musikak protagonismoa
Txistularien, trikitilarien, Eskoriatzako bandaren eta Andoni Motoren saioek girotu dituzte, batez ere, San Pedro egunak. Zenbait ekitalditan, pilaketak ekiditeko ordutegi finkoa ezarri barik; eta segurtasun neurriak hartuz gauzatu dira ekitaldi guztiak. Hori horrela, txistularien dianarekin batera, trikiti doinuak entzun ahal izan dira ezohiko San Pedro jai hauetan. Horretaz gain, San Pedro egunean ere kontzertua egin izan du musika bandak Fernando Eskoriatza plazan. Aurten, baina, kalejira egin dute bezperan, iluntzean, eta San Pedro egunean ere, ordu berean hasita, kalerik kale girotu zituzten Eskoriatzako bazterrak.
Andoni Moto eskoriatzarrak ere protagonismo handia izan du ezohiko jai hauetan. Izan ere, bezperan, brigadako kamioi gainean kalez kale joan zen danborradan jotzen diren piezak bozgorailuetatik jartzen, eta herritarrak animatzen. San Pedro egunean ere jai giroko kantuak jarri zituen herri guztian zehar. Herritarren partetik bi saioen erantzun ona jaso duela azaldu du berak: "San Pedro jai ezberdinak izan dira aurtengoak, baina urteroko gogo berekin hartu dugu, edo saiatu gara, behintzat, hala izaten. Kamioiaren gainean musika jartzen aritzearen ideia konfinamenduan etorri zitzaigun Adrian Garnateo lagunari eta niri, eta, egitea posible izan denez, ilusioz aritu naiz. Uste dut herritarrek eskertu dutela ekimena; batez ere, danborradako piezak jarri genituenean. Izan ere, ilusio eta poztasun aurpegiak ikusi nituen danborradako piezak jartzean, batez ere, jende helduaren aurpegietan. Jairik ez da izan, baina sortu dugu jai giro pixka bat eta disfrutatu ditugu. Datorren urtean hobeak izango dira, hori seguru…", adierazi du Andoni Motok.
Goiena telebistaren saioa
Ohiko sanpedrorik ez da izan aurten, baina jaiei keinu egin diete herriko hainbat eragilek. Hala, Goienak horiek jaso gura izan ditu eta Goiena telebistan eta Goiena.eus-en eskaini. Saio horretan bildu ditu erreportaje bidez Karmelo Oñate marrazkilaria jaietarako kartela sortzen eta bizikleta motelaren lasterketa, Joserra Zubizarreta alkatearekin solasaldia eta irudi zaharrak, sasoi bateko jaiak gogora ekartzeko, besteak beste.
Modu umoretsuan herritarrei zenbait galdera egin dizkie Aitor Agiriano kazetariak jaien inguruan. Argi utzi dute eskoriatzarrek herriko jaiak gozatzeaz gain barrutik ezagutzen dituztela. Horrekin batera, orain urte asko galdu zen arren, duela zazpi urte berreskuratutako Eskoriatzako buruhandien txirrindulari lasterketaren gainean, Goio Uribe epaimahaikidearekin eta Lander Villar parte-hartzailearekin ezagutzeko aukera izan da lehiaketa bereziak duen xarma. Berezia da, gainera, helmugara iristen azkenak irabazten du-eta lasterketa zoro hori.