Jose Aranburuzabala Trankil ezizenez ezaguna zenak imajinazio aberatsa zeukan eta urteetan Eskoriatzako jaiak bultzatzen eta antolatzen lan egin zuen. Behin eta berriro erakutsi zuen diru asko barik ere antolatu zitezkeela ekitaldi alai, desberdin eta arrakastatsuak, eta horren adibide da bizikleta lasterketa motela, urte asko dela sortu zuena. Gerora, urte askoan egin gabe egon ostean, duela zazpi urte berreskuratu zuten proba, jaietako azken egunean.
Ordutik, Lander Billarrek urtero parte hartu izan du. "Lehenengo urtean, kasualitatez, erosketa batzuk egitera etorri nintzen plazara, eta esan zidaten proba egitekoak zirela eta animatzeko. Gutxi batzuek hartu genuen parte, eta esperientzia polita izan zen. Irabazi egin nuen eta hemengo dendetako otarre bat izan zen saria. Ilusio handia egin zidan, eta, harrezkero, urtero hartu izan dut parte". Lau urtetan irabazle ere izan da. "Irabaztea gutxienekoa da. Ondo pasatzea da helburua, eta herritarrek barre batzuk egitea".
Lasterketaren bitxikeriak
Kanporaketa bidez funtzionatzen du lasterketak, binaka. Batek aitonaren buruhandia jartzen du eta besteak, amonarena. 60 metro dira, eta helburua da distantzia hori ahalik eta denbora gehienean egitea, frenorik ez daukan bizikleta batean. Hau da, helmugara lehenengo iristen dena kanporatuta geratzen da. Era berean, ezin da atzera egin, eta hanka lurrean jartzen duena ere kanporatuta geratzen da.
"Buruhandia jartzean, ikusten duzun tartea oso txikia da. Burbuila batean moduan zaude barruan, zure arnasa entzuten duzu eta, bat-batean, bestearen gurpila ikusten duzu ondoan. Estresa sortzen du egoerak, baina emozio handia ere bai; batez ere, herritarren oihuek", nabarmendu du Billarrek.
Gazteen parte-hartzea bultzatu gura dute
Goio Uribe eta Bixente Iñurrategi dira probako bi epaimahaikideak. "Pena da jende gazteak ez duela parte hartzen, lotsagatik edo. Gustatuko litzaiguke gazte gehiagok parte hartzea aurrerantzean", dio Uribek.