Orain arte ezagutu diren San Pedro jaiek hurrengo aldi batera arte itxaron beharko duten arren, eskoriatzarrek zenbait ekintzaz gozatzeko aukera izango dute aurten; betiere, segurtasun neurriak errespetatuz. San Pedro egunaren bezperan hasi eta Euskal Jai egunarekin bukaera eman ohi diete San Pedro jaiei herritarrek, eta aurten COVID-19ak eraginda bertan behera geratu diren arren, ekainaren 28an eta 29an musika nagusi izango duten ekintzak izango dira Eskoriatzan.
Danborradako doinuak
San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 28an, egin ohi du eztanda festak Eskoriatzan, txupinazoaren ostean. Egun berean egiten den eta festetako ekintza kuttunetarikoa izaten den dan-borradak ez ditu aurten herriko kaleak zeharkatuko. Horien ordez, baina, zenbait ekintza prestatu ditu Eskoriatzako Udalak; goizetik hasita, diana izango da txistulariekin, 10:00etan, eta, eguerdiko giroa musikatuz, trikitilariek egingo dute kalejira herriko kaleetan zehar, 13:00etan.
Arratsaldera begira, kanpai jotzaileak arituko dira, 18:30ean; eta, 19:00etan, bandaren kalejira ibiliko da kalerik kale, herria girotzen. Iluntzean, berriz, danborrik ez, baina danborradako doinuak izango dira entzungai Eskoriatzako kaleetan zehar; DJ Motoren ardura izango da auzoz auzo danborrada giroa jartzea, 21:30etik 23:30era arte.
San Pedro eguna, gertu
Bezperan moduan, San Pedro egunean ere, ekainak 29, txistularien dianak hasiko du jaieguna. Bi elizkizun nagusi ere egingo dituzte San Pedro jaien baiten: ekainaren 28an, meza nagusia egingo dute, 12:00etan; baita hurrengo egunean, ekainaren 30ean: herriko hildako guztien aldeko elizkizuna izango da.
Aurreko egunean bezala, bandak kalejira egingo du, 19:00etan, eta, musikarekin jarraituz, DJ Motok girotuko ditu herriko kalea eta auzo ezberdinak, 18:30ean hasi eta 22:30era arte.
Saio berezia Santa Marina plazatik
Aurten ohikoa den moduan ospatu ezin izan diren jaietan egin bezala –Bergarako jaiak, San Juan jaiak eta corpusak–, Goiena telebistak saio berezia eskainiko du astelehenean, hilaren 29an. Eskoriatzan bertan grabatua, Santa Marina plazan, Miren Arregi kazetariak gidatuko du saioa eta herriko eragile ezberdinekin batera San Pedro jaiak izango dituzte hizpide.
Erreportaje eta elkarrizketa ezberdinen bitartez San Pedro jaien ohiko ekintza batzuk ezagutzeko aukera egongo da 45 minutu iraungo duen Hemen Debagoiena saio berezian: txirrindulari lasterketa motela, Jose Ramon Zubizarreta alkatearekin elkarrizketa, atzerrian bizi diren eskoriatzarren mezuak, jaietako kartela izango litzatekeena ezagutu, urteetan atzerako San Pedro jaiak ezagutu...
Musika, protagonista nagusi
Hain zuzen ere, iluntze partean kaleak girotzeaz arduratuko den DJ Motok azaldu du prestatutakoa: "Bezpera egunean, danborradako doinuak jarrita herriko kaleetan zehar ibiliko gara, danborradak egin ohi duen bide bera jarraituz. San Pedro egunean, baina, zaharren egoitzan hasiko dugu ibilbidea, haiek ere musikaz goza dezaten, eta ostean, herriko gune askotatik pasako gara. Bi saioak kamioi baten gainetik egingo ditugu".
Youtube bidez
Ohiko moduan egiteko ezintasunagatik, alkatearen agurra Eskoriatza bizirik Youtube plataformako kanalean dago ikusgai. Jose Ramon Zubizarreta alkateak dei egin du "modu berezian" bada ere San Pedro jaiak ospatzeko: "Gaixotasuna tartean egonda ere, guk aurrera egiten saiatu behar dugu. Jai bereziak izateak ez du esan nahi jai tristeak izango direnik. Jai hauetan norbera protagonista izan eta kontziente izan behar dugu non gauden eta nola gauden; batez ere, zer egiten dugun". Etorkizunera begira ere mezua helarazi nahi izan du Zubizarretak: "Itxaropenak nagusi izan behar du; hemendik irtengo gara, eta datorren urtean hobeto ospatuko dugun esperantzarekin".
Antzinako San Pedro jaiak
Era berean, antzinako San Pedro jaiak gogora ekarri nahi izan dituzte, eta Teleskoko bideo eta irudiak berreskuratuko dituzte kanal berean. Hala, Eskoriatza bizirik kanalean, ekainaren 28tik aurrera, 1986tik aurrerako Teleskoko bideoak jarriko dira, San Pedro jaietan orduan egiten ziren ekintzetako zenbait batuta: bigantxak, danborradak... eta baita Eskoriatzako ereserkia estreinatu zeneko bideoa ere, 1988. urtekoa.
Balkoiak apaintzeko eskaria
Udalak eskoriatzarrak animatzen ditu balkoiak eta leihoak apaintzera, ikurrinekin eta Eskoriatzako banderarekin. Banderak salgai daude Dorleta liburu-dendan, Zarus goxo-dendan, Carmen mertzerian eta Compostela tabernan, 10 eurotan.