Gaztañaduiko ur-jauzia, adarrez inguratuta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 26a, 11:00

Mazmela auzoan dagoen Gaztañaduiko ur-jauzi ingurua bainu bat hartzeko ezaguna da Eskoriatzako gazteen artean. Hala ere, gaur egun, adarrez beteta dago ingurua, eta ezin da lehen moduan bertatik salto egin, eta ezta behealdera jaitsi ere

Eguraldia portatzen denean herriko zein bailarako gaztetxo askok Mazmela auzoko Gaztañadui auzora joateko aprobetxatu izan dute, bertan dagoen urjauzitik uretara salto egiteko, edo bertako putzuan pixka bat freskatzeko. Hala ere, inguru guztia adarrez beteta dago, eta uretara iristeko lehen zeuden pasabideak moztuta daude.

Ur-jauzira pasoa moztuta

Herrigunetik Aingeru Guardako bidegorria hartu, eta Kuatruena auzoa pasata iritsi daiteke bertara. Uretara salto ederra egin daiteke bertan, eta dagoeneko hasi dira herriko zenbait gazte bertara joaten. Hala ere, urjauzira ezin da pasatu, eta belardian eguzkia hartzen edo ur-jauzitik gorago erreka bazterrean bainatzen aritzen direla adierazi du Juan Karlos Bengoa bizilagunak: "Ur-jauzi puntara joateko bidea adarrez bete dute, eta baita ur-jauzi azpiko putzura joateko bidea ere. Egunotan etorri izan dira haurrak eguzkia hartzera, edo ur-jauzitik gorago joanda erreka bazterrera pixka bat bustitzera, baina lehen moduan ezin da aritu bertan urjauzitik salto egiten. Goiko pasabidea moztuta dago, eta baita lehen zegoen iturri zaharrera joateko eta ur-jauzi pareko putzura ematen zuen bidea ere".

Bizilagunentzat konpromisoa

Inguruan bizi direnentzat konpromiso handia dela bertan jendea aritzea gaineratu gura izan du Juan Karlos Bengoak: "Gertatu izan da ezbeharren bat edo beste, eta, egon daitekeen arriskuaz gain, zikinkeria asko ere batu da bertan jendea aritu izan denean. Presako putzua ere urtero-urtero bete egiten da lurraz, eta, hala, sakonera ere aldatzen doa. Beraz, salto egitean ere aurretik konprobatu behar izaten da salto egin daitekeen edo ez. Nik ez dakit nork jarri dituen adarrak eta pasabidea moztu, baina zerbait gertatuz gero guk izatea ardura hori ere ez da samurra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak