Diru-sarrerak milioi bat eurotik gora murriztuko direnez, aurrekontua egokitu du Udalak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 19a, 11:52

Ekaineko ez ohiko osoko bilkura telematikoa.

Ekaineko ez ohiko osoko bilkura izan zuten, atzo, Eskoriatzako udalbatzako kideek. COVID-19aren ondorengo berreraikitze programa izan zuten hizpide, eta, baita, 2020ko Ordenantza Fiskalak aldatzea ere. 

Eskoriatzako Udalaren 2020ra begirako hasierako aurrekontua, 5.852.545, 50 eurokoa zen, baina COVID-19aren krisiak eraginda diru sarrerak milioi bat eurotik gora jaitsiko dira. Foru-funtsa da gehien jeisten den partida, %25, baina, baita zerga eta tasa bilketatik datozenak ere: jarduera ekonomikoen gaineko zergen bilketak ere behera egin du, bai eta hondakinen bilketaren eta espazio publikoaren okupazioaren tasak ere (terrazak jartzea), hori baita COVID-19aren osteko berreskuratze-programan planteatutako neurrietako bat. Udal-instalazioa (kiroldegia) ixteagatik eta ekintzak bertan behera uzteagatik ere diru-sarrerak murriztu dira. Beste aldetik, dirulaguntzen partidak murriztea ere aurreikusi du Udalak, bai laguntza-programa bertan behera geratu delako, bai gastu-partida kentzea planteatzen delako. Ondorioz, egokitutako aurrekontua 4.682.758, 32 eurokoa izango da.

"Diru-sarreren murrizketa gastuen aurrekontuari aplikatu ondoren, eta gastatutako edo konprometitutako zenbatekoak deskontatu ondoren, eta udal teknikarien proposamenen arabera beharrezkotzat jotzen diren gauzatze-partidak doitu ondoren, 36.000 euro inguruko aurrekontu-superabita lortu dugu", adierazi zuen Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzodeburuak.

Murrizketa hainbat partidatan planteatu dute, eta gehien jaisten direnak inbertsioak (376.081,73 euro) eta gastu arrunta (525.813,45 euro) dira.

Berreraikuntza plana

Enpreseta, saltokietan eta ostalaritzako negozioetan izaten ari den ondorioei aurre egiteko, 540.000 € inguru bideratzea planteatzen dugu, bost jarduera-ardatzetan bildutako hainbat programatara.

  1. Egoera ahulenean dauden sektoreei laguntzea
  2. Ekonomia suspertzeko txoke-neurriak
  3. Gizarte eta kultura jarduera segurua berreskuratzea
  4. Pandemiaren prebentzioa
  5. Klima-aldaketari eustea

'Eskoriatza Bizirik bonuak'

Erosketa-bonuen programa ere jarriko du martxan Eskoriatzako Udalak. Eskoriatza Bizirik ekimenaren baitan tokiko saltokietan erosketak egiteko Eskoriatza Bizirik bonuak izenpean.

Sorta bakoitzak 5euroko, 10euroko eta 20euroko bonu bana dauka, 30 euroko balio nominala guztira. Herritarrak 15 euro ordaintzen ditu eta Udalak, beste 15 euro. Bonuak Ibarraundi museoan erosi ahal izango dira, eta adin nagusiko herritar bakoitzak (Eskoriatzan erroldatuta dagoenak) sorta bat erosi ahal izango du gehienez hilean. Gainera, pertsona batek ezingo du bonurik erosi bi hilabetez jarraian, ez ba dira bigarren hilabetean soberan geratzen. Guztira, 2.400 sorta aterako dituzte, 72.000 euroko erosketa-balio nominalarekin, hilero banatuta, eta hilabete berean edo hurrengoan trukatu ahal izango dira. Parte hartu nahi duten enpresek eta saltokiek, berriz, programan izena eman beharko dute. Bonuen trukea hamabostean behin egin ahal izango da, enpresen likidezia errazteko.

'Eskoriatza Bizirik' programa

Udalerriko bizitza soziala eta kulturala suspertzeko egitasmoa da. Udalak bultzatutako jarduerak eta herriko elkarteei laguntzea batzen ditu. "Aurrekontu eguneratuetan tokiko elkarteei laguntzen jarraitzeko egiten den ahalegina azpimarratu nahi dugu, %80an mantentzen baita oro har. Musika Eskolak %100ari eusten dio, Eskoriatza Kirol Elkarteak %90ari eta Egoitzak %40 handitzen du laguntza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak