Egoera berrira egokitutako udalekuak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 11a, 18:48

Iaz, Eskoriatzako udalekuetan, haurren zerrenda pasatzen.

COVID-19ak eragindako ondorioak direla eta, Eskoriatzako Udalak ohiko udaleku irekien programa bertan behera uztea erabaki du, baina, udako programa aurkeztuta, 2020ko udalekuak egoera berrira egokitutakoak izango dira.

Lagunekin jolastea, naturan gozatzea, kirola egitea, pantailetatik deskonektatzea eta aisialdia euskaraz gozatzea izango dira egitasmo honi jarri dizkioten helburuak, eta zenbait egokitzapen egin eta neurriak ere hartu dituztela adierazi du Maider Etxanizek, Eskoriatzako Udaleko Gazteria teknikariak: "Uztailaren 6tik 24ra izango dira udalekuak, eta talde txikietan banatuta arituko dira. Talde bakoitzak begirale bat izango du, eta ez dira haurrak talde handietan elkartuko; aurten haurrak ez dira plazan batuko, talde bakoitzari leku bat izendatuko zaio. Bestalde, soilik goizez eskainiko da zerbitzua, arratsaldekorik ez da egongo. Hau egitearen arrazoia izan da konfinamendu garaian eta eskola presentzialik ez den garai honetan haurrengandik jasotako premiei erantzutea; betiere, testuinguruak eskatzen dizkigun neurriak hartuta".

Soilik, Lehen hezkuntza

Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarren mailara bitarteko haurrentzat zuzenduta izango da, eta Haur Hezkuntzakoentzat ez da zerbitzurik izango: "Haur txikienen kasuan, ezin dugu bermatu prebentzio neurriak behar bezala bete ahal ditugunik; izan ere, euren jolasteko modua oso gertukoa eta ukimen askokoa da. Beraz, arriskurik ez egoteko, hauentzat ez da eskaintzarik egongo. Horretaz gain, arrisku taldeko pertsonekin harremana duten haurrei ez apuntatzea gomendatzen zaie. Hau da: diabetesa dutenak, gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa…".

Izen-ematea, zabalik Izen-ematea Internet bidez egingo da, banaka. Hau da: haur bakoitzak izen-emate orri bat beteko du, nahiz eta familia berekoak izan. Izena emateko galdetegi bat zabaldu da, eta epea ekainaren 10etik ekainaren 17ea artekoa izango da. –galdetegia Eskoriatzako Udalaren webgunean egongo da–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak