Mundua aldatzea posible dela aldarrikatzen 20 urte bete ditu Aste Zapatistak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 12a, 08:00

EskoZap elkarteko zenbait kidek Fernando Eskoriatza plazan ateratako talde argazkian.

Aste honetan zehar zen egitekoa 20. Aste Zapatista Eskoriatzan. Hala ere, ezin izan dute EskoZap taldeko kideek ohi moduan antolatu. "Egoera hau da kontzientziak pizteko unea" esanez zenbait mural jarri, janari bilketa eta esker-bideoa egin dituzte.

Beste mundu bat posible dela aldarrikatzen hogei urte bete ditu Eskoriatzako Aste Zapatistak, baina aurten ez da ohi moduan ospatzea posible izan. Hala ere, inoiz baino gehiago eragin gura dute gizartearen kontzientziak piztean.

Aurtengo edizioan zenbait pankarta jarri dituzte herriko hainbat gunetan, eta, horrekin batera, janari bilketa jarri dute abian, egoera zaurgarrian dauden Eskoriatzako 13 familiari laguntzeko. Eta, honekin batera, bideo bat egin dute urte hauetan guztietan lagundu dieten guztiei eskerrak emateko [Zapaturako ikusgai izango da].

Aste honetan herriko zenbait eraikinetan jarritako pankartak.

Hogei urtean, urtero-urtero, Eskoriatza kolorez jantzi dute, hainbat hitzaldi, erakustaldi, haurrentzako tailer, musika kontzertu eta ipuin kontaketa antolatuz, besteak beste. Gainera, Chiapasko zein beste zenbait herrialdetako hainbat proiektu eta bertako komunitateen errealitateak ezagutarazten ere aritu dira. "Hitzaldi ugari egin ditugu hogei urtean: Ayotzinapan desagertutako 43 ikasleetako baten gurasoekin bideo-dei bidezkoa, Wallmapu Euskal Herria Elkarteko Iban Gartziarekin herri maputxeez, aldaketa klimatikoaz, sexualitateaz… Hala ere, Eskoriatzako Aste Zapatistak zapatismoa ardatz hartzen du, baina gure herrian eta inguruan eragiteko. Hala, egoera hau da kontzientziak pizteko unea; ea benetan hartzen dugun inguruko ardura…", adierazi dute EskoZap elkarteko kideek.

Janari bilketa

Martitzenean, beharra duten pertsonei laguntzeko janari bilketa jarri zuten martxan Coviran eta Eroski dendetan. Hala, janaria uzteko kaxa berezi batzuk jarri dituzte, eta ekainaren 17ra arte egongo dira. Batutako janaria, berriz, beharra duten Eskoriatzako 13 familiaren artean banatuko dute, Caritasekin elkarlanean.

20 urte iruditan

20. urteurrena ospatzeko ikusentzunezkoa ere egin dute EskoZap elkarteko kideek. Urte hauetan egindako zenbait ekintza eta kartelak batuta bideo motz bat egin gura izan dute; hala, bide batez, urte hauetan guztietan astea antolatzen lagundu dieten eragile, elkarte eta norbanakoei eskerrak emanez: "Oso zaila da gure alboan beti egon diren guztiei eskerrak ematea. Rosa Sanchez bakarlaria, Durangoko Marilu eta Rafa herri bazkari mexikarra antolatzen urtero izan direnei, Alaitzen taldeari gurekin batera Jose Arana egoitzako egoiliarrak paseoan atera eta beraien kantuekin herriko nagusiei irribarre bat ateratzearren…".

Costa Rica-ko Rosa Sanchez bakarlariak ez du hutsik egin urtetan, Aste Zapatistan.

2018an, herri maputxeen gaineko solasaldia izan zen kultura etxean.

2016an, haurrentzako jolasak antolatu zituzten.

Iurre Romaretazabala, 25 urtez Chiapasen laguntzen

Mexikoko Chiapasko zenbait proiektutan haziak loratzen aritu da 25 urtez Iurre Romaretazabala eskoriatzarra. Urtero joaten da, lau hilabetez, hango indigena eta atzerritarrei laguntza ematera; azaroan irten eta otsailean bueltatu.

Bertako zenbait komunitate, kolektibo eta elkartetako proiektuetan laguntzen aritu da, eta urte hauetan fruituak ere batu izan ditu: "Aste Zapatista antolatzen 20 urte egin ditugu, eta nik 25 urte daramatzat, urtero, Chiapasera joaten. Ahal izan dudan laguntza guztia ematen saiatzen naiz, eta hemendik eramaten dudan laguntza ere ezinbestekoa da beraientzat. Hala, Eskoriatzarekiko maitasun handia dute hangoek. Hemendik helarazten diegun laguntza ekonomikoarekin eta elkartasunarekin aurrerapauso handiak eragiten dizkiegu beraien bizitzetan".

Romaretazabala, Zitim komunitateko zenbait kiderekin, Atxorrotx mendiaren margolana atzean dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak