Atxorrotxeko eskalada-gunea arautu egin dute

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 5a, 08:00

Joan den domekan, Atxorrotxeko haitzean eskalatzen.

Eskoriatzako Udalak eta Gipuzkoako Mendi Federazioak sinatutako hitzarmenaren bidez, araututa geratzen da Atxorrotxeko eskalada-eremua. Hala, egunotan zenbait lan egiten aritu diren arren, eskalatzeko moduan daude bertako paretak.

Apirileko ezohiko osoko bilkuran, –Gipuzkoako eskalada-guneak –berrekipamendua eta mantenimendua 2017-2020– proiektuan parte hartzeko konpromisoa onartu zuten aho batez Eskoriatzako udalbatzako kideek. Hala, egunotan, Gipuzkoako Mendizale Federazioak Atxorrotxeko eskalada-gunea ikuskatzen eta berrekipatzen izan da. Eremua homologatuta geratu da.

Eskalada seguru egiteko, hondatutako materialak kendu eta beharrezkoak diren kalitate arauak betetzen dituzten anklaje herdoilgaitzak jarri dituzte bertan, eta, erabileraren gomendioak errespetatuz gero, eskalatu daiteke.

KAREHARRIZKO 18 BIDE DAUDE ATXORROTXEKO ESKALADA-GUNEKO HAITZETAN

Gune homologatua

"Agintaldi aurretik datorren gaia da Atxorrotxeko eskaladagunearena, baina zenbait kontu zintzilik geratu ziren, eta lotzen joan gara. Bi arazo nagusi zeuden bertan: gune historiko, ondare… deklaratuta dago Atxorrotxeko eremua bertan egondako gazteluagatik, eta hori zaindu beharra dago. Beste aldetik, bide batzuk eremu pribatu batean zeuden jarrita. Orduan, eremu pribatuko jabeak ez zuen eragozpenik jendeak gunea erabiltzeko, baina ez zuen erantzukizunik gura. Hala, azkenean, Gipuzkoako Mendi Federazioak hitzarmen bat proposatu digu, eta sinatu egin dugu jabe pribatu horren oniritziarekin, bakoitzaren ardurak zehaztuz. Mendi Federazioarena da eskalada-guneko bideen mantentzea, zaintza… eta Udalarena, berriz, sarbidea. Hau da, modu batean esateko, erantzukizun bertikalaz Mendi Federazioa arduratzen da eta Udala, berriz, erantzukizun horizontalaz. Egunotan, gainera, Federaziokoak izan dira eremua berrekipatzen eta anklajeak aldatzen… eta oharra izan dute jarrita bertan. Dena den, eremua homologatuta, Gipuzkoako Mendi Federazioak Eskalada Eskola moduan izendatzen du eremua, eta erabilgarri dago", adierazi du Eskoriatzako alkate Joserra Zubizarretak.

Federazioaren gomendioak

Gipuzkoako Eskalada Eskolak zenbait gomendio ere ezartzen ditu instalazio horietan aritu nahi duenarentzat: 16 urtetik beherakoek eskarmentudun heldu batek lagunduta –aita, ama edo baimendutako tutorea– joan beharko dute beti, instalazioa erabiltzen duten bitartean. Kaskoa, arnesa, diametroaz eta luzeraz eskalada eskola honi egokitutako soka dinamikoa, segurtasun-jaisgailua, zinta espresa mosketoiduna, HMS mosketoia eta katu oinak, denak homologatuta izan behar dira, eta haitza igotzen hasi aurretik egoera onean daudela ziurtatu. Segurtasunari dagokionez, federatuta egon behar da, eta ezinbestekoa da teknika espezifikoak menderatzea, homologatutako materialak eta segurtasun ekipamenduak erabiltzea, eta sasoi egokia izatea; zuhurtziaz jokatzea ere eskatzen dute, eta igotzeko bidearen zailtasuna aukeratzean norberaren maila teknikoaren araberakoa izan dadila gaineratzen dute. [Atxorrotx eskalada gunearen liburuxka teknikoa]

QR Kodea eskalada gomendioak.

Erañako haitza

Erañako haitza, agian, ezagunagoa da eskoriatzarrentzat Atxorrotxeko eskalada-gunea baino, baina bertan ezin dela eskalatu azpimarratu gura izan du Joserra Zubizarreta alkateak: "Erañako haitzak ez du kondiziorik betetzen, eta ez dago homologatuta. Bertan sartzen dena bere kabuz sartzen da, eta bere erantzukizunaz. Udaletik, gainera, ez dago homologatzeko asmorik. Atxorrotxeko gunea sortu zenean baztertu egin zen, Federazioak Udalari eskatzen zizkionak ezin dira-eta bete: izan ere, estudio geologikoa egin beharko litzateke…".

Erañako eskalada gunean, eskalatzailea paretan gora igotzen.

Erañako haitza; Axtroki harkaitza izenez ere ezaguna da. Izan ere, hantxe bertan aurkitu ziren urrezko ontziak. Arrokan gora eta behera aritzen diren kirol honen zaleak diren herriko zein bailarako hainbat lagun pasa dira bertatik, eta, horren ondorioz, harria oso gastatuta dago. Hori horrela, gunea ez dago egonkor eta arrokaren bat edo beste jausi izan da errepidera.

Errepide aldera dagoen haitza, goikaldean brintzatuta.

Eskalatzen aritzen diren eremuaz gain, errepiderago geratzen den harkaitza egoera txarrean dagoela ere adierazi dute erabiltzaileek. Eta arriskua ez dagoela eskalatzen ari direnentzat bakarrik adierazi dute: "Erañan paseoan, bizikletan edo autoz gora eta behera pasatzen direnentzat arriskua du eremu horrek. Segurtasun neurriak hartzen ditugu eskalatzeko, baina zerbait egin beharko litzateke bertan ezer larririk gertatu aurretik", adierazi du Iker Beamurgia eskalatzaile eskoriatzarrak. Bertan aritzen diren eskalatzaileek gustuko dute, baina, lekua, eta eskaladan lehen urratsak egiteko pareta aproposa dela diote. Horrekin batera, errepide alboan geratzen den haitzaren atzean, bestalde, boulderra egiteko gunea ere badago.

Eskoriatzako eskalatzaileen iritziak:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak