"Mezu eta dei mordoa jasotzen ari naiz, badirudi jendeari gustatu zaizkiola"

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 15a, 12:47
Karmelo Oñate, bere ilustrazioetako bat atzean daukala, etxean.

Azken hilabete eta egunak ilustrazioaren bitartez arindu ditu Karmelo Oñate ilustratzaile eskoriatzarrak. Aspalditik buruan zeukan proiektu bati heldu dio konfinamenduan, eta Tragedia en el Lotshe komikia egin du, baita hainbat musikariren ilustrazioak ere. 

Konfinamenduan zer egin duzu denborari etekina ateratzeko?

Bizikleta estatikoan asko ibili naiz, ia su eman arte; kar, kar, kar. Horrez gain, margotzeko baliatu dut denbora gehien. Aspalditik buruan nituen proiektu batzuk egiten aritu naiz, eta burua, behintzat, entretenituta izan dut. Alde horretatik, baliagarria egin zait konfinamendua, denbora libre asko eduki dudalako. Komiki bat egiteko gogoarekin nenbilen, baina ez nuen denborarik ateratzen horretarako. Orain, berriz, lortu dut egitea. Azken hilabetean jo eta su aritu naiz horrekin, egunean zortzi edo hamar orduz. Izan ere, bukatu gura nuen; bestela, erdizka geratzen dira lan horiek eta gero ez duzu tarterik hartzen bukatzeko.

Tragedia en el Lhotse komikiari buruz ari zara. Zer dela eta erabaki duzu Jerzy Kukuzcka mendizaleari buruzko komikia egitea?

Mendian erreferente nagusietako bat da. Asko irakurri dut hari buruz, eta beti eduki izan dut gogoa haren historiaren bat komiki baten bitartez islatzeko. Azkenean, banekienez denbora askorik eduki behar ez nuela, erabaki nuen bere azken espedizioa lantzea. Bere heriotza ekarri zuen espedizioa, Lhotse mendia hegoaldetik igotzeko saiakeran.

Komikiaren azala.

Nolakoa izan da prozesua?

Lehenik, informazioa eta dokumentazioa bildu dut. Esan moduan, asko neukan irakurrita hari buruz, baina, marrazkiak egiteko, gehiago informatu behar izan naiz. Esaterako, hileta egin zioten katedralari buruz, Katowiceko tren geltokiari buruz... Lhotse mendiaren hegoaldeko hainbat argazki ere ikusi ditut.

Igoera saiakeraren inguruko argazki gutxi egongo da...

Bai, argazki gutxi daude, eta zaharrak, gainera. Beraz, nik sortu dut komikia. Egon naiz begira nolako trajeak eramaten zituzten garai hartan, eta, gutxi gorabeherako ideia egin ostean, nik sortu ditut irudiak.

Zuretzat ezohikoagoak diren lan batzuk ere egin dituzu. Musikarien erretratuak, esaterako.

Bai, baina horiek lotura zuzena dute komikiarekin. Izan ere, burua gainezka neukan hainbeste mendi konturekin, ordu asko pasatu ditut mendiak marrazten eta margotzen, eta deskonektatzeko modu bat behar nuen. Egia da aurrez inoiz marraztu barik nengoela halakorik, normalean mendiari lotutako gauzak egin ohi ditudalako.

Portu-ren ilustrazioa.

Ze musikari ilustratu dituzu?

Barricada taldeko El Drogas, RIPeko Portu eta The Interrumpters eta The Baboon Show taldeak. Gustuko ditudan taldeak dira. RIP nire talde erreferenteetako bat izan da beti, eta Portu ere ezagutzen nuen, nire klasekide izan zen. Andoaingo kontzertu bateko argazki batean oinarritu naiz ilustrazioa egiteko, zuri-beltzean dagoena eta bereizmen eskasa zeukana. Hori kontuan hartuta, oso polita geratu da.

Atxorrotx mendiko egunerako ere hiru marrazki egin dituzu.

Komentatu zidaten zerbait berezia egin gura zutela, eta herriko ekintzetarako beti egon behar dugu prest. Atxorrotx mendiaren hiru modelo egin nituen, umeek margotzeko. Egun polita izan zen, eta jende asko ibili zen margotzen.

Nolako erantzuna izan dute konfinamenduan egindako lan hauek?

Jarraipen handia eduki dute. Mezu eta dei mordo bat jasotzen ari naiz. Jendeari gustatu zaizkiola dirudi; hori pozgarria da.

Atxorrotx mendiko egunerako egindako marrazkietako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak