Ireki edo ez, zalantzan daude ostalariak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 14a, 11:00

Martitzenean, Eskoriatzako Akeita tabernako terrazan zenbait herritar.

Eskoriatzako Akeita eta Hotela tabernek ireki zituzten ateak astelehenean; Ogi Berrik, berriz, martitzenean, eta Kokotsek, aldiz, eguaztebean. Beste guztiek, aldiz, ez dute garbi irekitzeko unea den ala ez, eta, zalantzaz beteta, erabakiak hartzen joango dira egunak pasa ahala.

Lehen fasean sartuta, terrazak irekitzeko aukera izan dute hainbat tabernarik, zenbait neurri ezarrita. Mahai batetik bestera bi metroko segurtasun-distantzia utzi beharko dute, bezeroak ezingo dira tabernara sartu, zerbitzatzen duten bakoitzean eremua garbitu beharko dute, eta, horrekin batera, komuna kasu berezietan soilik erabili ahal izango da.

"Eskoriatzan Akeita eta Hotela tabernak izen ziren lehenak irekitzen, astelehenean. Eta, ordutik, Ogi Berrik eta Kokotsek ere ireki dituzte ateak. Beste hainbatek, esaterako, ez dute zabaldu, oraindik goiz dela argudiatuz. Urrestilla eta Inkernu tabernek, adibidez, ez dute uste taberna zabaltzeko garaia denik, Gobernuak ezarritako segurtasun neurri eta gomendio guztiak bermatzea zaila ikusten dutelako. Hori horrela, tabernariek eta ostalariek dituzten zalantza horiek argitzeko bilera egin dugu asteon. Tabernariek ez daukate argi zer egin, eta protokolo zehatzak eskatzen ari dira", adierazi du Nerea Aranak, Garapen Jasangarriko teknikariak.

Batzuei ez die merezi taberna irekitzea; beste batzuek, aldiz, ez dute uste ideia ona denik, eta eguraldiak ere badu eraginik. Hala azaldu du Urrestilla tabernako Leire Errastik: "Ateak irekiz gero aste barruan ez litzake pilaketa arazorik izango, ez dut uste, baina asteburuetan nork daki… Horrekin batera, errentagarritasun zalantzak ditut, eta, erabaki barik dudan arren, astelehenean ireki nahiko nuke".

Zein izan da zuen erabakia?

MAITE ZUBIA. AKEITA TABERNAKO JABEA

"Bezeroek errespetatu egiten dituzte arauak"

"Astelehenean ireki genuen taberna, eta, zabaldu bezain pronto, jende dezente izan genuen egun osoan zehar. Iluntzera arte, oso ondo errespetatu zituzten arauak bezeroek. Hala ere, 19:00etatik aurrera-edo kaotiko samarra izan zen egoera. Lan asko egiten ari gara egunotan. Izan ere, dena desinfektatzeak denbora eramaten du, ixtean garbiketa sakona egiten dugu… Horrez gain, komun bakarra dugu erabiltzeko prestatuta, eta errespetuz jokatzen dute datozenek".

OSCAR ESCRIBANO. INKERNU TABERNAKO KIDEA

"Goiz da tabernako ateak irekitzeko"

"Erkartekideok itxita jarraitzearen erabakia hartzeko hainbat baldintza hartu genituen kontuan. Lehenengoa, osasunarena: langileena eta bezeroena. Zaila ikusten genuen bermatzea Gobernutik emandako segurtasun gomendio eta neurriak. Bigarrena, Udalak terrazak jartzeko egin zigun proposamenarekin ez geunden ados. Eta, hirugarrena, sarrera posibleak eta gastuen kalkuluak egin eta kostuen aldetik ez zuela merezi estimatu genuen".

Udalaren proposamena

Udalak proposamen bat egin die terraza jartzeko baimena duten ostalaritza zerbitzu guztiei, horiek espazioa handitu ahal izateko. Terraza ez duten baina jarri nahi duten negozioek, bestalde, eskaera egin ahal izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak