Astelehenean irekiko dituzte terrazak, eta Eskoriatzako Udalak proposamen bat egin du ostalaritza zerbitzuentzako. Hain zuzen ere, espazioa handitu ahal izango dute terraza bat jartzeko baina dutenek, eta salbuespen gisa, gainera, gaur egun terrazarik ez duten baina jarri nahi duten negozio guztiek dagokion eskaera egin ahal izango dute. Eskaera horiei, gainera, ahalik eta azkarren erantzungo zaiela gaineratu dute Udaletik.
Hala ere, terrazak handitu edo berriak ezarri ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dira, adibidez: segurtasun baliabideak eta distantziak, oinezkoen ibilbideak eta irisgarritasuna, toldoak, eguzkitakoak eta gainerako elementuen kokapena, eta eguna bukatzean horiek guztiak jasotzea.
Terrazak irekitzeko neurri orokorrak
- Gehienez % 50eko okupazioa
- Mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia
- Bezero-talde bakoitzeko gehienez hamar pertsona
- Bezero baten eta bestearen arteko mahaiak desinfektatzea
- Erabilera komuneko kartak, serbiletak eta zotzen-edukiontziak debekatzea.
Higiene neurriak eta ordainketa modua
Higiene-neurriei dagokienez, mahaiak, aulkiak eta bezero baten eta bestearen arteko harremanetarako gainazal oro garbitu eta desinfektzeko betebeharra ezartzen du aginduak. Gainera, erabilera bakarreko mantelak erabiltzea lehenetsiko da, eta establezimenduaren sarreran gel hidroalkoholikoak jarri beharko dira bezeroek eskuak garbitu ditzaten.
Ordainketa moduei dagokienez, Osasun Sailak txartel bidezko edo kontaktu fisikorik ez duten beste bitarteko batzuen bidezko ordainketa sustatzeko eskatu du, ahal den neurrian eskudirua saihestuz. Erabilera bakoitzaren ondoren, datafonoa eta saltokiko terminala garbitu eta desinfektatu egin beharko dira, erabiltzen duen langilea beti berbera ez bada.