BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean domeka arratsaldean argitaratu zuten moduan, ile-apaindegiak astelehenetik ireki daitezke, eta Eskoriatzan, zenbaitek ordutik hasi dute euren jarduna. Herritarrek "pozik" hartu dutela argitaratutako adierazpena adierazi dute zenbaitek, baina orain lanez lepo daudela gaineratu gura izan dute.
Astelehenetik zabalik
Ixkur ilea-apaindegiko Eider Kortazarrek adierazi duenez, martxoaren 14tik itxita izan du ile-apaindegia, eta astelehenetik lan pila batekin ari da: "Egoera konplikatua da. Baina ondo ari naiz eramaten. Nik astelehenean ireki nituen Ixkur ile-apaindegiko ateak, gehienok bezala, eta bakarrik ari naiz lanean. Sekulako itxarote-zerrenda daukat, eta aste honetarako ez naiz ordurik ematen ari martitzenetik, dena beteta daukadalako. Gainera, bezeroak banan-banan sartu behar dira, eta horrek ez du lana errazten… pazientziaz hartu beharko dugu guztiok".
"Ixkur ile-apaindegiaz gain, Apaindu ile-apaindegiko Itziar Oyarzabalek eta Kiribil ile-apaindegiko Ainara Martinezek ere astelehenean ireki zituzten ileapaindegiak. Villar ile-apaindegiko Bea Romerok martitzenean… horiek nik dakizkidanak", adierazi du Kortazarrek.
Etxez etxeko zerbitzua
Horrekin batera, erabakia hartzea kostatu zitzaion arren, etxez etxeko zerbitzua eskaini duela adierazi du Kortazarrek: "Zenbait bezerok ezin dute beraien burua garbitu, eskuak ez zaizkie iristen, eta, hasieran zer gertatuko zain egon nintzen arren, azken bi asteetan eskaini dut etxez etxeko zerbitzua. Beharrezkoa dute zenbaitek, eta eskaini beharreko zerbitzua da. Hala, beharrezko neurri guztiak hartuta egin dut."
Udalaren laguntza
Eskoriatzako Udalak ile-apaindegiak hornitzeko zenbait materialen laguntza ere eskaini diela adierazi du Kortazarrek: "Ibiltariak-eko Jon Pagalday eskoriatzarrak 3D inprimagailuarekin maskarak egin dizkigu komertzio guztioi, doan. Horrekin batera, joan den egubakoitzean deitu zidaten udaletxetik, ile-apaindegian genuen panoramaren berri izateko eta materialik behar nuen edo ez jakiteko. Badakit hainbat joan direla udaletxera material bila: maskarak, gela… Azken finean, material faltagatik ezin zabaldu izatea ekidin guran, laguntza oso ondo etorri da."