Eskoriatzako Udaleko Kultura batzordeak aurtengo San Pedro jaiak bertan behera uztea proposatu du; izan ere, edukiera mugak, autobabeserako bitartekoak eta Espainiako Gobernuak koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako gainerako neurriak direla eta, ezinezkoa da ekitaldi masifikatuetan betetzen direla bermatzea. Gainera, aurten diru-bilketan jaitsiera handiak espero direla adierazi dute Udaletik, pandemia eragiten ari den ezohiko gastuei gehituta, udal aurrekontuak baldintzatuko ditu, eta aurrekontu horiek nabarmen doitu beharko dira. Hori dela eta, jaietako partidaren zati bat COVID-19aren ondorioak arintzeko erabiliko dela gaineratu dute, eta beste zati bat etorkizunean antolatuko diren jardueretarako izango dela, betiere guztien segurtasuna bermatuz.
Hala ere, ez dute baztertzen ekintza bat edo beste egingo denik, baina ez dira izango orain arte moduan egindako festak.
Ekintzaren bat edo beste
"Gauza sinbolikoren bat egiteko aukera izango delakoan gaude San Pedro jaietan. Hala ere, ez dakigu zein egoera izango den egun horietan", adierazi du Antonio Regañok. Hala ere, ekintza jakin batzuk egingo dituztela gaineratu du: "Adibidez, musika banda irteteko prest agertu da, eta hori posible litzakeela uste dugu…".
Ezohiko batzordea
Martitzenean egindako batzorde informatzailean jaiak bertan behera uzteko erabakia aho batez hartu zutela adierazi du Antonio Regaño zinegotziak. Horrekin batera, Kultura batzordeak ezohiko batzorde bat sortzea ere proposatu zutela gaineratu du eta maiatzaren 19rako bilera bat deituko dutela azpimarratu du Eskoriatzako kultura talde eta eragileekin. Hala, ekitaldien agenda bat egin nahi da, eta herria biziberritu. Horrela, alternatibak bilatu nahi dituzte, herritarrek ekitaldi ludiko eta kulturalez goza dezaten eta, ahal den neurrian, tokiko ekonomia bultza dadin.
'Eskoriatza bizirik' kanpaina
Eskoriatza bizirik izeko kanpaina jarriko dutela abian ere gaineratu gura izan du Regañok. "Eusko Jaurlaritzak jai eta kultura ekitaldien mugei eta betebeharrei buruz emango dituen jarraibideak ezagutu ondoren, maiatzaren 19an egingo dugu guk bilera elkarte eta eragileetako kideekin. Hala, kultura egiteko modu parte-hartzaile berri bati hasiera emanez".