Ez ohiko osoko bilkura telematikoa ezin izan da online jarraitu

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 30a, 20:06

Eskoriatzako ez ohiko osoko bilkura jarraitzeko arazoak izan dira.

Eskoriatzako udalbatzako kideek ez ohiko osoko bilkura telematikoa egin dute, gaur, eta udal webgunetik online jarraitzeko aukera ezarri duten arren, zuzeneko emisioarekin arazoak izan dituzte eta ezin izan da jarraitu. Hainbat gai tratatu dituzte, eta beste zenbait erabaki hartu. Esaterako, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uztea uraren ziklo osoa izan da onartutako puntuetako bat; EAJren eta Eskoriatzako Elizateen Elkartearen baiezkoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu dutena.

"Zuzenekoarekin arazoak izan ditugu eta ezin izan dugu eta trasmitu ez grabatu. Lan hori egin behar zuen ordenadorea erabat izurratu zaigu…", adierazi du Joserra Zubizarreta alkateak. Horrekin batera, streamming bidez ikusteko arazoak izan direla-eta, honako mezua idatzi gura izan dute udal webgunean: "Zuzeneko emisioarekin sortutako arazoak ezin izan ditugu konpondu. Barkamena eskatzen dugu eta ea hurrengorako bideratzen dugun".

Uraren ziklo osoaren kudeaketa hizpide

Ezohiko osoko bilkuran azpimarratzeko puntuetako bat Uraren ziklo osoaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku lagatzeko erabakia hartzea izan da. EAJren eta Elizateen baiezko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, hitzarmena eta uraren ziklo osoaren zerbitzua arautzen duen ordenantza onartu eta tarifa sistema berria ezarri dute. EH Bilduk hainbat ekarpen egin ditu, baina horiek batzordeetan landu beharrekoak direla adierazi die Josu Ezkurdia zinegotziak: "Zenbait ekarpen baikorrak izan dira, baina, beste batzuetan moduan, proposamenak batzordeetan landu behar direla adierazi diegu…".

Honen aurrea Nestor Arana EH Bilduko zinegotziak honakoa argudiatu du: "ur kudeaketa integralaren inguruan alde gauden arren, udalak uraren kontsumoa murrizteko eta politika sozialak aplikatzeko eskumena galtzen ditu. Horretaz gain herritarrei garbi azaldu behar zaie ez dela sinatu, hasieran esan zen moduan, herritarrei faktura %10 jaitsiko denik edo Mauralanda, Zarimutz edo Marinera ura eramatea Gipuzkoako Ur kontsortzioak ordainduko duenik. Horretaz gain, prozesu honetan Mazmela ere kontutan hartu behar dela aldarrikatu dugu. Azkenik, Udal Gobernuak aipatzen duen herritarren parte hartze edo batzordeetako parte hartze sistemarekin kexu gara. Ez dute parte-hartze egokia bermatzen, horregatik ekarpenak osoko bilkurara eraman behar izaten ditugu".

Aho batez onartuak

Horrekin batera, Hirigintza eta Mugikortasuna batzorde informatzaileari eskumen arlo bat ematea izan onartu dute aho batez. Hain zuzen ere, Jasangarritasun energetikoarena. Hori horrela, hirigintza batzordean languko dituzte hemendik aurrera, jasangarritasun energetikoari dagozkion gaiak.

Amaitzeko, berriz, Gipuzkoako eskalada guneak –berrekipamendua eta mantenimendua 2017-2020– proiektuan parte hartzeko konpromisoa onartu dute. Hau ere aho batez. "Eskoriatzan, Atxorrotxen dugu eskaletzeko gune bat, baina arautu barik zegoen. Hala, orain araututa dago gune hori", adierazi du Ezkurdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak